Adinekoen auzunera bisita

"Usurbil mugarri moduko bat izango da, erreferentzia duin, interesgarri eta oso berritzailea"

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 4a, 16:23

Matia Fundazioko lehendakari Mari Karmen Garmendiak mugarritzat jo du Kalezarren eraikitzen ari diren adinekoen auzunea, ostiral goiz honetan Usurbilgo Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin batera eraikitze lanetara egindako bisitan.

Mugarri gisa ikusten du Kalezarren eraikitzen ari diren adinekoen auzunea Matia Fundazioak. Bere lehendakari Mari Karmen Garmendiak ostiral goiz honetan lanen eremura eginiko bisitan azpimarratu duenez, "Usurbil mugarri moduko bat izango da, alde askotatik begiratuta erreferentzia duin, interesgarri eta oso berritzailea".

130 urteko ibilbidea jorratua duen irabazi asmorik gabeko erakundeak sorreratik beti "pertsona helburu jokatu du eta are gehiago", narmendu duenez, "hamar urtetik hona. Pertsona helburu esaten dugun hori esango nuke  pertsona bakoitza helburu eta horretara egokitzen ari dela bere jardun guztia; langileen prestakuntza, bertako prozedura guztiak, zaintza ereduak eta abar".

Esker oneko agertu da Garmendia Kalezarko adinekoen auzunea eraikitzeko proiektuan bidelagun dituen Usurbilgo Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, "gurekin izan duten konfiantzagatik". Egitasmo hau gauzatzeko nahia aspaldidanikoa da Garmendiak gogorarazi duenez, "krisialdiak zirela etena izan zen, baina berriro martxan jartzeko aukera izan dugu eta gainera lankidetzan. Beraz eskerrik asko erakundeetako ordezkarioi, gugan jarri duzuen konfiantzagatik".