Adinekoen auzunera bisita

"Ez bakarrik Gipuzkoan, estatu mailan ere aitzindaria izango da egoitza"

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 4a, 16:31

Kalezarren eraikitzen ari diren adinekoen auzune berria aitzindaria izango da baina ez Usurbil mailan, baita Gipuzkoan, eta handik kanpo Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanok zioenez, Foru Aldundiko, Usurbilgo Udaleko eta Matia Fundazioko ordezkariekin batera ostiral goizean eraikitze lanetara egin duen bisitan. Zaintza eredu berritzaile honen ezaugarri nagusiak goraipatu ditu; "bizikidetza unitate mugatuagoak, pertsonen autonomia, arreta pertsonalizatua eta komunitatearekin loturak izatea egoitzak eta egoiliarrek".

"Egoiliarrak etxean egongo balira bezala sentitzea", horixe litzateke Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanoren esanetan, GIpuzkoako Foru Aldundia, Usurbilgo Udala eta Matia Fundazioa elkarlanean eraikitzen ari diren Kalezarko adineko auzune berriaren helburua. Mugarri garrantzitsutzat jo du Olanok forma hartzen ari den proiektua, hiru erakundeotako ordezkariek ostiral goiz honetan obretara egin duten bisitan. "Ez bakarrik Gipuzkoan, estatu mailan ere aitzindaria izango da egoitza, eta uste dugu Europan ere eredu honek izango duela zer ikasi eta zer erakutsia ere. Gure zaintza ereduaren kontsolidazio oso garrantzitsua izango da", Ahaldun Nagusiak Kalezarren hedabideei azaldu dienez. Bai zaintza ereduaren, bai egiteko moduetan nahiz arkitektonikoki ere, espazio fisikoan ekarriko duen eraldaketa nabarmendu du. "Usurbilek markatzen du etorkizunean Gipuzkoako egoitzak nolakoak izango diren. Usurbilgoa etorkizuneko lehenengo egoitza dela esan dezakegu".

Berritzailea den zaintza eredu honen lau bereizgarri nagusiak nabarmendu ditu; "bizikidetza unitate mugatuagoak, pertsonen autonomia, arreta pertsonalizatua eta komunitatearekin loturak izatea egoitzak eta egoiliarrek". Eredu berritzaile honekin nahi dutena da, "pertsona erdigunean ezarri eta ahalegin kolektibo bat egin bere zaintza eta bere bizi-kalitatea ahalik eta onena izateko". 

"Eredu honek babesa jaso du Europar Batasunetik"
Zaintzeko moduen eraldaketaren baitan kokatu du ere proiektu hau bideratzeko erakunde arteko elkarlana; Foru Aldundiarena, Usurbilgo Udalarena eta Matia Fundazioarena. "Elkarlan eredu baten emaitza da eta gu bereziki pozik gaude".

Olanok argi zioen, "helburua etxe giro bat sortzea da". Ikuspegi aldaketa honen lanketa ez da bat-batekoa izan Ahaldun Nagusiak Kalezarren gogora ekarri duenez. Osasun krisialdiak eraldaketa honen beharra indartu duela gaineratu du, baina proiektu hau ez dela ezohiko testuinguru honetan sortu. "Urteetako proiektua da" eta covid19ak "Gipuzkoa behintzat jada martxan zegoen ahalegin batekin harrapatu du".

Eta babestua izan da herrialdetik kanpo ere. Finantziazioaren zati bat hain zuzen, Next Generation izeneko funtsetatik heldu da. Olanok zioenez beraz, "eredu honek babesa jaso du Europar Batasunetik eta guretzat hori poz handia izan da. Europan apustu honekin bat egin eta babestu egiten da".