Adinekoen auzunera bisita

Etxean sentiaraziko gaituen adinekoen auzune berria, 2023an zabaltzeko asmotan

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 4a, 17:34

Usurbilgo Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Matia Fundazioak Kalezarko adinekoen auzune berrira bisita antolatu dute ostiral goiz honetan. Forma nahiz eduki aldetik aitzindaria eta berritzailea izango den eremua barrutik ezagutzeko aukera izan dugu.

Azken urteotan nabarmen eraldatzen ari da Kalezar ingurua, ez soilik ordea eremu honetako espazio fisikoa. Askoz sakonagoa den eraldaketa betean da zonaldea, ostiral goiz honetan hedabideok hurbiletik ikusi eta entzun ahal izan dugunez. Kalezarren eraikitzen ari diren adinekoen auzune berria barrutik ezagutzera gonbidatu gaituzte proiektuaren sustatzaile nagusiek; Usurbilgo Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Matia Fundazioak. Hiru erakundeotako ordezkariekin batera obrak zertan diren ezagutu ahal izan dugu.

Berritzailea eta aitzindaria
Aurrerabidean da proiektua. Aurreikuspenen arabera, urte amaiera honetan bertan buka ditzakete eraikitze lanak eta asmoa, datorren urte hasieran, 2023a hasi berritan irekitzea litzateke. Zaintza ereduan aldaketa sakona dakar proiektuak, bertan biziko diren eta zaintza behar duten pertsonak etxean bezala sentiaraztea helburu nagusi izango duen egitasmo honi esker. Eta gaur erakutsi digutenez, asmo hori gunearen izaeran baina fisikoki ere, arkitektonikoki ere nabariko da. Eredu berri horri erantzuteko diseinatua baitago Kalezarko adinekoen auzune berria.

Elkarbizitza unitate txikiagoak, arreta pertsonalizatua, egoiliarren autonomia eta komunitatearekin lotura zuzena. Hortxe nagusiki, egitasmo aitzindari eta berritzaile hau sustatzen ari diren hiru erakundeek nabarmendu dituzten ezaugarri nagusiak. Zaintza ekosistema berri bat ari da eraikitzen herri hau, eta horren guztiaren emaitza izango da Kalezarren forma hartzen ari den eremua.

Albiste honi atxikiak dituzue adinekoen auzune berri honetan barrena egin ahal izan dugun txangoan jaso ditugun irudiak eta helarazi dizkiguten zenbait datu interesgarri ere.

KALEZARKO ADINEKOEN AUZUNE BERRIA
Lanak amaitzeko aurreikuspena: 2022. urte amaiera.
Adinekoen auzune berriaren irekiera aurreikuspena: 2023. urte hasiera.
Inbertsioa: 20,7 milioi euro (Aldundiak 6,4 milioi inbertsioa. 3,6 milioi euro Next Generation funtsetik)
Plaza kopurua: mendekotasuna duten pertsonentzako 127 plaza.
Bizikidetza unitateak: 7. Unitate bakoitzean 18 pertsona.
Etxebizitza kopurua: 110 (banakako 93 eta 17 bikoitz).
Unitate psikogeriatrikoak: 2 (bakoitza 15 pertsonentzat, guztira 30 lagunentzat).
Eguneko Zentroa: 40 plaza.
Guztira: ia 200 pertsonentzako zerbitzua.