Ugartondoko asfaltatze lanengatik, aldaketak Kalezarren ibilgailuen joan etorrientzat

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 9a, 08:46

Ugartondoko etxebizitza berriak inguratzen dituen bidea itxita izango da martxoaren 14tik 18ra. Itxierak ibilgailuen joan etorrian aldaketak eragingo ditu.

Bistan denez, aurrerabidean dira Ugartondoko etxebizitzen eraikuntza obrak. Datorren astean, martxoaren 14tik 18ra eremu hau inguratzen duen bidea asfaltatu eta margoketa lanak egitekoak direla iragarri du Usurbilgo Udalak. Ondorioz, lanok ibilgailuen joan etorrian eragingo dute. Kalezarrera orain arte bezala Puntapax aldetik igo ahalko gara, baina Ugarte baserri ondotik Pikaola aldera biratu beharrean (eremu hau itxiko baitute hurrengo astean) azken aldi luzean itxita zegoen Haur Eskola pareko bide zatia irekiko dute. Kalezarretik Usurbila jaisteko aldiz, auzunea zeharkatu beharko dute ibilgailuek.

"Puntapaxko zubitik gorako noranzkoan, Haur Eskolaren goiko aldera bideratuko dituzte autoak: azken urteetan itxita izan den tartea zabalduko dute, eta handik Txara aldera zein Kalezar aldera jo ahal izango dute autoek. Txaratik herrigunera jaisteko, berriz, Kalezar gurutzatu beharko dute autoek, Belmonte kaletik", Usurbilgo Udaletik zehaztu dutenez.