Erregaiaren neurrigabeko garestitzeari aurre ezin diotela egin salatu eta konponbideak galdegiteko garraiolariek astelehenean hasitako greba mugagabearen eragina nabarmentzen hasiak dira hainbat arloetan, tartean baita hirigintza lanetan ere. Ugartondoko urbanizazio berria inguratzen duen bidea margotu eta asfaltatzeko lanak aste hasieran abiaraztekoak zituzten, baina ez da halakorik gertatu. Usurbilgo Udalak argitu duenez, "garraiolarien greba dela eta, asfalto lanak ezin gauzatu dabiltza Ugartondoko eraikitzaileak, hornigaiak iritsi ez direlako. Lanak atzeratu egingo dira, beraz, egoera konpondu bitartean".
Gogoan izan, aste honetan zehar Ugartondon eraikitzen ari diren urbanizazio berria inguratzen duen bidea asfaltatu eta margoketa lanak egitekoak zituzten. Ondorioz, lanok ibilgailuen joan etorrian eragitekoak ziren. Asmoa, Haur Eskola pareko bide zatia zabaltzekoa zen, Puntapaxetik Kalezarrera hortik igotzeko, Pikaola inguruko bide zatia itxi behar baitzuten aipatu lanak egiteko. Kalezarretik Usurbila jaisteko aldiz, Belmonte kale osoa zeharkatzea zen aurreikusten zuten alternatiba.
Aipatu moduan ordea, momentuz lanak ez dira hasi. Beraz, orain arte bezala sartu edo irten gaitezke autoz Kalezarretik.