2022-23 ikasturtea

Haur Eskola ezagutzeko aukera asteazkenean, matrikulazio epea ireki bezperan

2022-23 ikasturtera begirako matrikulazio epea zabalduko du Haur Eskolak apirilaren 28an. Bezperan, asteazken honetan, proiektua eta azpiegiturak ezagutzeko ate irekien saioa antolatu dute.

2022-23 ikasturtera begira da jada Haur Eskola. Ikasturte berrirako izen emate epea ostegun honetan bertan, apirilaren 28an zabalduko dute. Bezperan, eskola eta proiektua ezagutzeko ate irekien eguna antolatu dute ; apirilaren 27an, arratsaldeko 17:00etan euskarazko saioa eta ordubete beranduago gaztelaniazkoa. Biak ala biak Kalezarko eraikinean bertan; Ugarte, 9 helbidean.

Apirilaren 28tik maiatzaren 11ra bideratuko du 2022-23 ikasturtera begirako matrikulazioa Kalezarren kokaturiko Haur Eskolak. Gogoan izan, 0-3 urte arteko Haur hezkuntza eskaintzen dute. Deialdia beraz, 2020, 2021 eta 2022 urteetan jaiotako haurrei zuzendurikoa da. Informazio gehiago eta hitzordua eskatzeko bideoak dituzue: haureskola@udarregi.eus helbidea edo 943 374 061 telefono zenbakia (8:30-12:00 artean).

Haur Eskolak NOAUA! bidez zabaldu duen oharra segidan. "Behin ikasturtea hasita, Haur Eskolak eskaintzen duen zerbitzuaren beharra izango duzuela aurreikusten baduzue, matrikulazio garaian gurekin harremanetan jartzea eskertuko genizueke, epez kanpoko izen-emateei ezin baitiegu plaza eta ordutegia bermatu".