Kudeatzailea behar dute Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune berriko kafetegirako

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 28a, 12:36

Interesdunek maiatzaren 30etik ekainaren 10era aurkeztu ahalko dituzte proposamenak, Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez.

2023tik aurrera auzune berria izango du Kalezarrek, zaintzadun etxebizitzen eremuak osatuko duena. Eraikitze lan betean dira. Usurbilgo Udalaren aurreikuspenen arabera urte amaierarako bukatu ditzakete eta datorrenaren hasieran erabiltzeko moduan egon liteke. Hainbat lan aurreratzen ari dira Matia Fundazioa eta Usurbilgo Udala. Osteguneko udalbatzarrean, auzune berri honen eraikigarritasuna handitzea erabaki zuten. Handitze honek zaintza behar dutenentzat eta haien zaintzaileentzat bizilekuak eraikitzea ahalbidetuko du, baita udal lokal bat egokitzea ere.

Matia Fundazioa bere aldetik, auzune berri honetan kokatuko den kafetegirako kudeatzaile bila dabil, Udalak berri eman duenez. 2023an irekiko duten arren, "epe laburrean hautatu nahi dute kafetegiaren kudeatzailea". Interesa dutenek maiatzaren 30etik ekainaren 10era arteko epea izango dute proposamenak aurkezteko. Informazio gehiago bideotatik jaso daiteke: arantza.machinena@matiafundazioa.eus / 696 259 565.

Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez, "Matia Kalezarren eraikitzen ari den zaintzadun etxebizitzen auzunea auzoan erabat integratuko da. Izan ere, zaintza eredu berriarekin batera, auzunearen diseinu arkitektonikoa ere berritzailea izango da, diseinu instituzional zurruna albo batera utzita. Garai bateko
komentuaren harresirik ez du izango; plaza bat eta lorategia izango ditu, irekiak, eta publiko
orokorrari irekitako kafetegia izango du, maila berean".