Udalbatzarra

Zaintzadun etxebizitza gehiago Kalezarren

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 31a, 16:07

Zaintza behar dutenentzat eta zaintzaleentzako sei bizileku gehiagorentzako lekua izango du Kalezarko auzune berriak, eremuaren eraikigarritasuna handitzeari esker.

Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-96 (Portalmusu) eta A-97 (Komentua) eremuen hirigintza eraikigarritasuna handitzeko Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntualari behin behingo aho bateko onespena eman zion udalbatzak, maiatzaren 26ko osoko bilkuran. Kalezarren adinekoentzako zaintzadun etxebizitzen auzune berriaren lur eremuari dagokio. Bertako eraikigarritasuna handitzeak, aitzindaria den egitasmo bat martxan jartzea ahalbidetuko du; zaintza beharra dutenen eta haien zaintzaileentzat 6 bizileku eraikitzea. Baita, udalarentzat 226 metro karratuko lokal bat egokitzeko aukera ere.

Kafetegirako kudeatzailea
Matia Fundazioa auzune berri honetan kokatuko den kafetegirako kudeatzaile bila dabil, Udalak berri eman duenez. 2023an irekiko duten arren, "epe laburrean hautatu nahi dute kafetegiaren kudeatzailea". Interesa dutenek ekainaren 10era arteko epea izango dute proposamenak aurkezteko. Informazio gehiago bideotatik jaso daiteke: arantza.machinena@matiafundazioa.eus / 696 259 565.

Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez, "Matia Kalezarren eraikitzen ari den zaintzadun etxebizitzen auzunea auzoan erabat integratuko da. Izan ere, zaintza eredu berriarekin batera, auzunearen diseinu arkitektonikoa ere berritzailea izango da, diseinu instituzional zurruna albo batera utzita. Garai bateko komentuaren harresirik ez du izango; plaza bat eta lorategia izango ditu, irekiak, eta publiko orokorrari irekitako kafetegia izango du, maila berean".