Kalezarko jaiak

Oilaskobiltzaile txikien bazkaritarako txartelak salgai

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 14a, 12:03

Ekainaren 21era arte Kaffa kafetegian salgai. Astebete barru murgilduko da Kalezar jaietan, hilaren 23tik 26ra.

Bueltan datozen Kalezarko jaien baitan, ekainaren 25ean ospatuko da oilaskobiltzaile txikien irteera. Goizeko 10:00etan abiatuko dira auzoan barrena egingo duten biran. Itzulerarako, 14:00ak alderako bazkaria dastatu ahalko dute. Otordu honetarako ordea txartelak eskuratu beharko dira aurrez. Ekainaren 21era arte erosi ahalko dira Kaffa kafetegian. 

Lau festa egun
Bueltan datoz auzo eta herrietako festak. Inguruotako ospakizunen bira, Kalezarrek abiaraziko du bi aste barru; ekainaren 23tik 26ra San Juanekin. Eskean irteteko hitzordua abiapuntu gisa izango duten lau festa egun biziko dituzte. San Juan bezperako eskearen baitan, sua ere berpiztuko dute hilaren 23an, aurreko bi urteetako etenaldiaren ostean. San Juan Eguna biharamunean, sustrai sakonak dituzten ekitaldiekin: toka eta hamaiketakoa goizez. Bazkalosterako antolatu dituzte auzotarren arteko herri kirolak eta baita sardina jana ere. 

San Juan Egunarekin murgilduko gara ekaineko azken asteburuan, lehen kontzertu gauarekin. Hilaren 25ean, goizez aipatu moduan, oilaskobiltzaile txikien irteera eta bazkaria. Arratsalde parterako mus txapelketa, Orbeldi dantza taldekoen saioa eta patata tortila txapelketa. Erromeria eta Dj gaua segidan. 

Txikienentzako festa eguna izango da azkenekoa, hilaren 26koa; krosa, jolasak, tailerrak, txokolate jana eta festak borobiltzeko Dj GorkaMendirekin dantzaldia iragarri du Kalezarko Jai Batzordeak.