Urrezko kalifikazioa Saizarrentzat, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 21. Sagardo Lehiaketan

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 23a, 08:43
Argazkia: Saizar.

Asteazken honetan ospatu den Gipuzkoako Foru Aldundiaren 21. Sagardo Lehiaketan urrezko kalifikazioarekin saritu dute Saizar sagardotegia.

"Bertako sagarrarekin egindako sagardoa, Euskal Sagardoa jatorri-izendapenera bideratutakoa, balioan jartzea, sustatzea eta saritzea". Horixe du helburu nagusia Gipuzkoako Foru Aldundiaren esanetan, erakunde honek antolatzen duen Sagardo Lehiaketak. 21. ediziko sari-banaketa asteazken honetan ospatu dute, Diputazioaren Donostiako egoitza nagusian, erakunde honetako ordezkarien eta txapelketara aurkezturiko sagardotegietako kideekin.

18 sagardogile saritu dituzte; tartean Usurbilgo bat, Saizar sagardotegia. Urrezko kalifikazioa jaso du beste 9 sagardotegiekin batera. Aburuza izan da txapelduna. Hiru kategoriatan banatzen dute sariketa; epaimahaiak emandako puntu kopuruaren arabera, brontzezko, zilarrezko nahiz urrezko kalifikazioa ematen zaie. 18 izan dira lehiakideak eta haietatik hamaseik lortu dute segidan datozen kalifikaziootako bat izatea. Irizpideok kontuan izanda, modu honetan geratu da lehiaketako sailkapena:

Brontzezko kalifikazioa (60-65 puntu):
Gaztañagak eta Itxas-Buruk.

Zilarrezko kalifikazioa (65-72):
Gurutzetak, Lizeagak, Petritegik eta Zelaiak.

Urrezko kalifikazioa (72 puntutik gora):
Aburuzak, Akarregik, Altzuetak, Alorreneak, Begiristainek, Etxeberriak, Isastegik, Oihartek, Saizarrek eta Zapiainek.

%100 Euskal Sagardoa izateko helburua
Foru Aldunditik azaldu dutenez, "Aldundiko Fraisoro Laborategiko dastatzaileek osatutako epaimahaiak egin du sagardoen lehen aukeraketa eta haiek izan dira lehen sailkapenean urrea, zilarra eta brontzea esleitzearen arduradunak. Aurrez, aurkeztutako sagardo guztiei egin zaie analisi fisiko-kimikoa, dastatze organoleptiko fasera pasatzeko proba hau gainditzea ezinbesteko baldintza baita. Bigarren fasean urreen artean txapelduna aukeratzeko, aldiz, sagardotegiek beraiek proposatutako hiru pertsonek, Andoni Eizmendi, Aitor Mendiluze eta Mikel Garaizabal, eta Fraisoroko dasta-paneleko hiru dastatzailek osatu dute epaimahaia. Txapelduna aukeratzeko, lagin guztien alderdi analitikoa eta organoleptikoa aztertu dira, eta dastaketa-panelak zentzumenezko analisiak egiteko metodoa jarraitu du".

Sari banaketa ekitaldian, Euskal Sagardoa jatorri-deiturako koordinatzaile Unai Agirrek sektorearen etorkizuneko erronkak azaldu ditu. “Datozen hamar urtean %100 Euskal Sagardoa izatea da helburua, eta bide horretan, sagasti gehiago landatzen jarraituko dugu. Bestetik,  datozen 3-4 urteetan gure taberna eta jatetxeetan Euskal Sagardoaren presentzia areagotzea izango da beste erronka nagusi bat. Taberna eta jatetxeek sagardo kartak izatea da gure helburua, jendeak Euskal Sagardo desberdinak aukeran izan ditzan”.

Foru Aldunditik jakinarazi dutenez, sagardogintza sustatzen jarraitzeko asmoa dute. Bertako sagarrondoa landatzeko 300.000 euroko dirulaguntza lerroa eskaintzen segi asmo dute urtero, Gipuzkoan %100 bertako sagarrarekin ekoiztera heltzeko.