Kalezarko jaiak

Auzotarrena, San Juan arratsaldea

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 25a, 09:43

Herri-kiroletan aritu ziren lehenbizi, sardinak sukaldatu eta zerbitzatzen gero. Buruhandiak ere itzuli ziren. Auzotarrena izan da jaietako bigarren arratsaldea Kalezarren.

Auzotarrak erdigunean eta jaietako protagonista Kalezarko jaien baitan, ostiralean ospaturiko San Juan eguneko arratsalde partean. Herri-kirolekin ekin zioten bazkalosteari. Auzotar gazteak bi taldeetan banatuta, hiru itzulitan proba ezberdinetan nor nagusitu, lehia bizian aritu ziren; bai lokots bilketan, sokatiran, txingen garraioan, lasterka, egur mozketan... Garaileak bi izan ziren; laguntasuna eta jai giroa.

Lehia bizi hau amaituta, hiru urteotan ikusi gabeko buruhandien kaleratzea bizi izan genuen lehenbiziko aldiz. Eta erreakzioak, kontuan hartzeko modukoak. Irrika biziz hartu zituzten azken hiru urteotan kareta haundiok ikusi gabe ziren gaztetxoek. Baina baziren baita bi urteotako osasun krisialdia tarteko, buruhandiak lehenbiziko aldiz ezagutzeko aukera izan zuenik.

Arratsalde pasa goxatzeko, Jai Batzordeak sukaldatu eta zerbitzaturiko sardina ederrak, Saizar sagardoarekin batera.