Baba beltz txikiaren kofradiaren bilkura, abuztuaren 25ean

Abuztuko azken ostegunean egingo diote gorazarre baba beltz txikiari, haren bueltan azken hamarkadotan biltzen den kofradiak. Kide berri bati ongi etorria eman eta 2023rako hautagaia nor izango den aurkeztuko dute, kantuz giroturiko hitzorduan.

Lau hamarkadako tradizioa berrituko dute aurten. Baba beltz txikiari gorazarre egiten dion Usurbilgo kofradiako kideek biltzeko eguna jarria dute; ohi bezala, abuztuko azken ostegunean elkartuko dira Saizar sagardotegian. Egutegia eskutan, abuztuaren 25ean beraz. Baba beltz txikia produktu nagusia izango duen bazkaria ospatuko dute urtero moduan, eta segidan, kantu giroan, urteroko errituari segida emanda, kapak eta txapelak jantzi eta ereserkia abestuz kofradekide berri bat izendatu eta 2023koa hautatuko dute. Otordurako erreserba bideratu nahi duenak, 943 37 39 95 telefono zenbakira deitu beharko du.

Tradizio luzea
Lau hamarkadako ibilbidea egina du jaiak. Baba txikiari gorazarre egiteko urteroko bilkurak ezinbestekoak diren bi osagai ditu; batetik otordua bera, menua. Bestetik, bazkalostean duela hogei bat urtetik egin ohi duten erritu modukoa. Bazkariari dagokionez, produktu izarra baba beltz txikia dugu. Eta bazkalostean dator, nolabait esatearren, eguneko une gorena. Kantu giroan urtero kofradiako kide berri bat izendatzen dute, urtebete barrurako kide berria nor izango den iragartzearekin batera. Hautatutakoari kapa eta txapela jarriz, zin egiteko moduko ospakizuna burutzen dute, lurra lantzeko tresna baten, laiaren laguntzaz.

BABA BELTX TXIKIA
Gora baba beltx txikia,
andazpetarron gloria, bai!
Txiki izanarren, nor da gaur hemen
zu bezain handia?

Gora ditzagun zure dohainak:
koloria, armonia eta "tirrit eta tarrat"
zuk sortzen duzun sinfonia.
A zer nolako jakia
babatxo beltx txikia! 

Platerkada bat, platerkada bi
bata bestearen atzetik,
atera hitzak, atera, Felix,
atera babak eltzetik!