Abuztuko azken osteguna gaur, lau hamarkadatik gorako tradizioari segida emanez, baba beltz txikiari gorazarre egiten dion kofradia Saizar sagardotegian bildu da. Baba beltza dastagai zuen bazkariaz gozatu ahal izan dute eta bazkalostean, ohi bezala, kofradekide berri bat izendatu dute; aurten, Egioletako Txomin Alkorta Sarriegi. Gogoan izango duzue, iazko udazkenean omendu zuten Dema plazan, urte luzez herri kiroletan lehiakide nahiz eragile gisa, segan bereziki, gazte garaitik jorratu duen ibilbide oparoagatik.
Kapa beltzak soinean, txapelak buruan harrera egin diote, ereserkia abestu ostean, kide berriari. Zin egiteko ospakizuna egin dute; txapela eta kapa beltza jantzi diote lehenik. Lurra lantzeko tresnaren, laiaren laguntzaz zin egitea bideratu dute. Laia eskutan hartu eta igoarazita, esker onez erantzun du jasotako harreragatik Alkortak.
Albiste honi atxikitako talde argazkia atera dute segidan sagardotegi atarian, 2023ko kofradekide berria nor izango den iragarri ostean. Urtebete barru jantziko diote, baba beltz txikiari gorazarre egitea xede duen kofradiako kapa eta txapela.
BABA BELTX TXIKIA
Gora baba beltx txikia,
andazpetarron gloria, bai!
Txiki izanarren, nor da gaur hemen
zu bezain handia?
Gora ditzagun zure dohainak:
koloria, armonia eta "tirrit eta tarrat"
zuk sortzen duzun sinfonia.
A zer nolako jakia
babatxo beltx txikia!
Platerkada bat, platerkada bi
bata bestearen atzetik,
atera hitzak, atera, Felix,
atera babak eltzetik!