Hitzordua gaur, Gau Beltza antolatzen lagundu nahi dutenentzat

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 15a, 09:08

Parte hartzaileen eta laguntzaileen zerrenda osatu nahi dute gaur Kalezarren, lanen banaketa egitearekin batera.

Usadio zahar bat, Gau Beltza berpiztu eta berrasmatzeko lanetan ari dira azken urteotan Euskal Herriko hainbat txokoetan. "Berreskurapena baino, ospakizunaren berrinterpretazioa edo birsortzea ari da izaten: antzinakoak kontuan hartuta, guretik nahi dugu Gau Beltza ospatu, gaur egungo ikuspegitik ematen dizkigun aukerak eta erakargarritasuna baliatuta", dio ohitura hauen sustatzaile lanetan ari den Euskaltzaleen Topaguneak. Dagoeneko Gau Beltza ospatzen duten herrietan, "abiapuntu ezberdina izan du jaiak, antolatzaileen izaera anitza izan delako: euskara elkarteak, guraso taldeak, kultur etxe eta liburutegiak, gazte-lekuak... Guztiek baina, euskara izan dute ardatz, bai antolaketan eta baita ekintzetan ere".

Azken aldian Usurbilen ere bazen urriaren 31aren bueltako ospakizun honetara batzeko gogoa. Eta gogoa orain forma hartzen hasia da Kalezarren. "Usurbilen Gau Beltzaren jaia berrasmatu nahi dugu ohitura zaharrak berreskuratzeko", berri eman du Hitz Aho Udarregi Ikastolako guraso elkarteak udarregi.eus atari bidez. Dagoeneko lehen prestaketa lanak bideratu dituzte. "Ipuin eta jolasen bidezko ibilbide polit bat egituratu dugu Kalexarren", zehaztu dute.

Laguntza behar dute orain. Laguntzarako deia egin dute, "kaleak apaintzeko/girotzeko, mozorrotu eta estra moduan agertzeko...". Parte hartzeko gogoz direnekin zerrenda bat osatu nahi dute. Zerrenda hau osatu eta lan banaketa egiteko hitzordua finkatu dute ostegunerako, irailak 15, arratsaldeko 19:00etan Kalezarren bertan. Elkartearen pareko mahaietan. "Animatu zaitez!" luzatu dute gonbita.