"San Sebastian Gastronomika"

Saizar Sagardotegia, 2022ko Parrilla Lehiaketa Nazionaleko txapelduna

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 6a, 10:28
Argazkia: "San Sebastian Gastronomika".

Egunotan Donostian ospaturiko San Sebastian Gastronomikaren baitako txapelketa irabazi du Kalezarko sagardotegiak.

"Keak, suak eta txingarrek hartuko dute Kursaal jauregiko terraza goizean, Parrilla Lehiaketa Nazional tradizionalaren irabazlea nor den jakin ahal izateko". Atzo goizean izan zen, egunotan Gipuzkoako hiriburuan ospatu den "San Sebastian Gastronomika" ekimenaren baitan. Epaimahaiak asteazken arratsaldean erabaki zuen zortzi finalisten artean, txapelduna; lehiaketaren hamahirugarren edizioan Saizar Sagardotegia nagusitu da. 

"Usurbileko (Gipuzkoa) Saizar Sagardotegia jatetxeak, Ramon Lertxundi parrilla arduradunaren jardun onarekin, nagusitza lortu du Discarlux haragiarekin, zeina lehiaketako haragi onena gisa aitortu baitute", berri eman dute antolatzaileek. Erabaki hau hartu duten epaimahaiko kideen artean ziren, "Manu Yebras, José Carlos Capel, Carlos Maribona, Amaya Ortuzar, Benjamín Lana, Juan Atanasio Carrasco Gómez, Juanjo Arratibel, Alexandra Sumasi, Julia Pérez eta Nieves Barragán". Haragiaren kalitatea, "txuletaren egoste puntua, testura eta zaporea" epaitu zuten.

Lehiaketa "beteranoena"
Saizarrek lehiakide izan zituen "Asador Urkiola Erretegia (Beasain, Gipuzkoa), Goya haragiekin; Mano Lenta (Gasteiz), Arcecarne haragiekin; La Cocina de Casa Luisa (Aiegi, Nafarroa), Nafarroako Kooperatibako haragiekin; Mesón de la Reina (Granada), Rubiato Paredes haragiekin; Asador Iturrama (Iruñea), Makroko haragiekin; Los Patios (Gijón), Trasacar haragiekin, eta El Nacional (Barcelona), Carnicas Lyoko haragiekin".

Aipatu moduan, goizean zehar Kursaaleko terrazan, "Josper parrillak antolatu" zituzten. "Bertan, zortzi finalistek lan egin dute, izen handiko kideak dituen epaimahaia asetzeko".

Parrilla Lehiaketa Nazionala, ibilbide luzeena duen txapelketa dela nabarmendu dute antolatzaileek. Saizar sagardotegiaren aurretik, honako hauek nagusitu dira aurreko hamabi edizioetan:
-2021: Pura Brasa (Bartzelona).
-2020: Narru (Donostia).
-2019: Amaren (Bilbo).
-2018: Ana Mari Erretegia (Irun, Gipuzkoa).
-2017: Araneta (Zestoa, Gipuzkoa).
-2016: Lomo Alto (Bartzelona).
-2015: Asador Laia Erretegia (Hondarribia, Gipuzkoa).
-2014: Patxikuena Erretegia (Lezo, Gipuzkoa).
-2013: El Txuleta (Donostia).
-2012: El Txuleta (Donostia).
-2011: Kaialde Erretegia (Hondarribia, Gipuzkoa).
-2010: Illarra Jatetxea (Donostia).