N-634 errepideko errei bat erabili ezinik asteburuan, Kalezar parean

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 15a, 17:26

Errepidean dabilena jabetuko zen honez gero. Baten faltan, bi dira N634 errepidean ezarrita dauden trafiko etenak. Txikierdi-Troiakoa da bat eta abenduaren erdialdera arte luzatuko da. Kalezarrekoa da bestea, eraikitzen ari diren zaintzadunen etxebizitzen eremu parean, Txaparren-Berri aldamenean. Saneamendu sarea hobetzen ari dira azken honetan. Bi asteburutan egingo dira hobekuntza-lanak. Hauxe da lehena, datorren astekoa bigarrena eta azkena. 

Adi datozen asteburuotan. Eremu bakarrean ez, bitan itxiko baitute errei bat N-634-an. Bat dagoeneko begi bistakoa izango dute, egunerokoan udalerria zeharkatzen duen errepidea baliatzen dutenek. Troia eta Txikierdi artean egiten ari diren hobekuntza lanen zonaldean errei bat, Donostia aldera doana itxita izango da abenduaren 22ra arte.

Usurbilgo Udalak ohartarazi duenez ordea, urriko bi asteburutan, errei bat itxiko dute baita Matia Kalezarren eraikitzen ari den zaintzadun etxebizitzen parean, Txaparren-Berri etxe inguruan dagoen bihurgune inguruan; urriaren 14an gaueko 22:00etan hasi eta hilaren 17ko goizeko 6:00ak arte eta baita urriaren 28ko gaueko 22:00etan hasi eta hilaren 31ko goizeko 6:00ak arte. Udalak ohartarazi duenez, saneamendu sarea hobetzeko lanak egitekoak dituzte egunotan guztiotan. "Mozketa Matiaren eraikin berriaren parean izango da: hoditeria berria sartuta, euri urak eta ur zikinak bereiztea izango da lanen helburua", ohartarazi duenez. Horretarako aipatu moduan, "beharrezkoa izango da errei bat ixtea eta trafikoa behin-behineko semaforoekin bideratzea. Beraz, egun horietan, distantzia tarte motzean, bi obra izango dira martxan: Kalezarko saneamenduarena eta Troia eta Txikierdi artekoa".

Udaletik zehaztu dutenez, hona hemen egingo dituzten lanak. Batetik, urriaren 14tik 17ra, "zanga irekiko dute errepidean, hoditeria berria sartzeko, Matiaren eraikin berriaren parean. Hilaren 17an, bi erreiak irekiko dituzte, eta errepidearen zoladura behin-behineko altzairuzko txapekin babestuta utziko dute". Bestalde, urriaren 28tik 31ra, "zoladura berregingo dute. Konponketa horiek egin bitartean ere errei bat moztu beharko dute, behin-behineko semaforo batekin".

Iragarritako lanak
URA Agentziak eta Añarbe Mankomunitateak maiatzaren 7an onarturiko lankidetza hitzarmenari esker, orain arte Oriara isuri izan diren Aginaga aldeko ur zikinak saneamendu sarera batzeko lanak martxan jarriko zirela iragarri zuen Udalak iazko maiatzean. Agerraldi hartan, udalerri honetan beste zenbait zonaldeetako euri urak eta ur zikinak bereizteke zeudela ere adierazi zuen udal gobernu taldeak. Besteak beste, Kalezarren, egun adinekoen zaintzarako gune berria eraikitzen ari diren zonaldean. 

Kalezarretik N-634 errepide aldera dauden etxebizitzen eta Ugaldea industriaguneko euri urak eta ur zikinak bereizteko ere erabili nahi zutela une hau. Eta unea heldu da. "Orain arte, euri urak eta ur zikinak batera jaso izan dira Ugaldean, eta hori bereizteko obra egingo du udalak: ur zikinak Añarberen kolektorearekin lotuko dira, eta euri urak Oriara bideratuko dira. Lanak bi fasetan egingo dituzte. Batetik, Matiak Ugaldearaino eramango du hoditeria berria, eta handik aurrerako lanak udalak egingo ditu; biak bata bestearen atzetik egin daitezen saiatuko dira".