Emakumeen Etxea, irekieratik hurbilago

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 20a, 11:05

2023ko udaberrian irekitzea espero duten Emakumeen Etxea eta Kalezarko auzo ekipamenduaren egoitza izango den Pelaioenea barrutik prest izateko lanak abiatu dituzte. Inaugurazio egunera bitartean, orain arte Emakumeen Etxea sustatzeko lanean aritu den talde eragilea zertan ari den azaldu dute agerraldi bidez.

Kalezarko Pelaioenea ataria hesitua aurkituko duzue berriz hilabeteotan. Jada kanpotik birgaitua dagoen eraikina, barrutik atontzera doaz. Gogoan izan, Emakumeen Etxea eta kalezartarrentzako auzo ekipamendua bilduko dituen guneko barruko eraikuntza lanak abiarazi dituzte. Udalak dituen aurreikuspenen arabera, 2023ko martxorako amaituak behar lukete lanok. Bestela esanda, Pelaioenea berritua datorren udaberrian irekitzeko moduan izango direla espero dute. 585.000 euroko inbertsioa bideratuko du Udalak lanotara.

Hala adierazi dute, Pelaioenean kokatuko den Emakumeen Etxearen proiektua sustatzen ari den talde eragileak. 2023ra begira da jada, egoitza ireki aurreko prestaketa fase betean. "Hala nola, etxearen zerbitzu eskaintzak definitu eta antolatu beharko dugu. 2023ko programazioa zehaztuko dugu, etxe barruan gertatuko dena irudikatuz. Eta aurreko fasean definitzen hasi ginen kudeaketa eredua eta funtzionamendua gehiago zehaztu beharko ditugu. Lan horiek ikusgarriak izan ez arren, Emakumeen Etxea martxan jarri ahal izateko ezinbesteko lanak dira", Eva Ugartemendia talde eragileko kidearen esanetan.

Barrura begira soilik ez, proiektua bera herriratzeko asmoa dute. "Herrian Emakumeen Etxearen proiektua ezagutarazi nahi dugu, Usurbilgo emakumeok proiektua ezagutu eta gurea ere sentitu dezagun. Hau ez baita emakume talde zehatz batentzako udal ekipamenadua. Herriko beste eragile eta proiektuekin zubiak eraiki eta emakume oro etxekide sentitzea nahi dugu. Eta barrura begira ere prestaketa lanetan arituko gara".

Zereginotan "gogotsu gabiltza", adierazi du. "Prozesua abiatzean genuen ametsa gauzatzen ari garela ikustea, horren parte izatea, bizipen ederra da". Irekiera egunaren zain dira jada. "Espero dugu laster, 2023ko programazioa eta etxearen inaugurazio festaren berri emateko elkartu ahal izatea; bitartean buru-belarri jarraituko dugu Usurbilgo Emakumeen Etxea inauguratzeko lanetan".

Etxe irekia
Argi dute, etxe irekia izatea nahi dute Pelaioeneakoa. "Usurbilgo Emakumen Etxea ekipamendu espazio konkretu bati lotutako udal zerbitzu bat baino gehiago da. Usurbilgo Emakumeen Etxeak adin, esperientzia, jatorri eta ikuspegi anitzetako emakumeak biltzeko, elkar ezagutzeko eta bizipenak, kezkak, arazoak askatasunez partekatzeko gunea izan nahi du", Josune Estellaren esanetan.

Bistan denez, espazioa oraindik erabilgarri ez dagoen arren, Emakumeen Etxea, proiektu gisara "jada martxan da". Elena Rikondoren hitzetan, "aurreko ikasturtean bide-orri bat jaso genuen. Lehen urratsa inspiratzea izan zen. Horretarako, martxan dauden beste Emakumeen Etxeetara bisitak egin genituen eta oso garrantzitsua izan zen haien esperientziak zeintzuk izan diren ezagutzea. Errenteriako Emakumeen Etxea eta Hernaniko Plaza Feminista bisitatu genituen". 

Lankidetza, bidelagun
Lanketa honek guztiak, Pelaioenean elkarbiziko diren kalezartarren udal ekipamendua eta Emakumeen Etxea sortzeko Usurbilgo Udalak Elhuyarrekin lankidetzan 2020an abiarazitako parte hartze prozesuan du jatorria. "Sei hilabetez aritu ginen lanean emakumeekin eta Kalezarko auzokideekin eskutik eskura, etorkizuneko Pelaioenean irudikatzen genuen bien arteko bizikidetza egitasmoaren bide-orria zehazteko. Orduz geroztik, auzotarrek, auzo elkarteak martxa hartu zuten eta lanei ekin zieten. Emakumeek ere etxea ireki bitarteko aurre-lan eta sustapen lanaz arduratuko zen talde sustatzaile bat sortu zuten". Prozesu haren lehen fasean 21 emakumeek parte hartu zuten, egun zortziko talde eragilea osatua dute. 

Baina bilgunea zabalik da noski. "Orain arte bezala elkarlanean aritu nahi dugu, udal ordezkariok eta proiektu honetan ekarpena egin nahi duten ororekin, azken batean Emakumeen Etxea eta Pelaioenea bera elkarlanerako, topagunerako, harreman berrietarako espazio bat izatea nahi genukeelako. Guztion helburua delako, guztiok partekatzen dugun helburua delako auzo herri bizigarri, kohesionatu eta berdinzale bat eraikitzea", taldeko kide eta Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesaren esanetan.

lldo horretan, proiektu estrategikotzat jotzen du azken txanpara heldu den egitasmo hau. Datorren udaberrian irekitzen dutenean, "Emakumeen Etxea Usurbilgo emakumentzat erreferentziazko gune bat izatea nahiko genuke, emakumeak ahalduntzeko espazio bat, herriko emakume ezberdinok elkar ezagutu, elkar topatu, elkar zaindu, hausnartu, zergatik ez konspiratu, maitatu eta eraikitzeko guneak izatea nahiko genuke".

"Parte hartu zuten herritarrek emandako mandatu hura gauzatzeko lanak abiatuta daude"
Bide honetan definitzen joan diren moduan. Azken bi urteotan hain zuzen, Udala, Elhuyar, Usurbilgo mugimendu feminista, berdintasunaren alde jardun edo aritu nahi zuten emakumeak elkartu dituen "parte hartze prozesu zabal eta handi bat egin dugu", alkateak oroitarazi bezala, "etxe hau Usurbilgo emakumeen neurrira egindako proiektu bat izatea nahi genuelako". Prozesuan zehar, "hainbat gai izan genituen hizpide, hainbat gairen bueltan hausnartu genuen, zer den Emakumeen Etxea, zertarako behar ote dugun halako etxe bat, zer beharrei erantzun behar dien, zer funtzio dituen, zer ezaugarri, zer erabilera eman nahiko geniokeen, nola kudeatu". Nola kudeatu, jakinik eraikin berean kokatuko dela baita kalezartarren auzo ekipamendua. "Auzo elkarteak ere bazuen zer gogoetatu, auzo elkartearen funtzioaz, auzo ekipamenduaz. Beraz, bi prozesuak modu paraleloan egin genituen, biak ere ondo uztartzeko".

Prozesu hartatik proposamen bat sortu zen eta hortik proiektu arkitektonikoa. "Juxtu azken hilabete luzeetan Udalean horretan aritu gara, proiektu arkitektoniko hori gauzatzeko eman beharreko urrats guztiak egiten. Pelaioenea barrutik egokitzeko eta proiektu horretan parte hartu zuten herritarrek emandako mandatu hura gauzatzeko lanak abiatuta daude".