Urriaren 31n

Gau Beltzak Kalezar hartuko du

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 25a, 12:51

Urriaren 31 ilunabarrean ospatuko dute Gau Beltza Kalezarren eta auzotarrek deia luzatu diete herriko haur eta gaztetxoei beldurrei aurre egiten ikas dezaten. Eskribaenea etxearen aurretik abiatuko dira arratsaldeko 19:00ak aldera.

Parte hartu nahi duten gaztetxoek begiak estaltzeko moduko zapi bat eraman beharko dute etxetik eta trapu zaharrekin jantzita azaldu beharko dute kalezartarrek proposatutako ibilbidea egiteko.

“Gure arbasoek ehunka urteetan egin izan duten bezala, gau hotz eta ilunek gure barnean sortzen dituzten beldur eta mehatxuei aurre egiten ikasiko dugu Gau Beltzean”, adierazi dute herritarrek. Helburua plazan jarriko duten txorimalo erraldoia beldurrari aurre egiteko tresnekin hornitzea.

‘Hezur lapur’ pertsonaia
Jolasak egingo dituzte ibilbide bat jarraituta txorimaloa janzteko. Pertsonaia berri bat ere asmatu du herritar batek, ‘Hezur lapur’.

Zintzarriak auzoan barrena
Euskal mitologia sinboloz beteta dago eta horietako batzuk berreskuratuko dituzte. Zintzarriak ezjakintasunak sortzen duen beldurra uxatzen du, eta beraz, auzoko hainbat txokotan aurkitu egin beharko dituzte tolon-tolon soinuen bidez ezjakintasuna uxatzeko.

Eguzki-lorearen babesa
Eguzki-loreak, berriz, iluntasunak sortzen duen beldurrari aurre egiten laguntzen du. Hezur lapur ezagutuko dute orduan. Eguzki-lorearen babesa beharrezkoa izango da Hezur lapur uxatzeko, hura ilun eta itzalaren laguna baita, eta ondorioz, eguzkiaren etsaia. Eguzki-lorea aurkitu beharko dute Hezur lapurri ihes egingo badie.

Esaerak eta maldizioak
Tresnez gain, sorginkeriari oso lotuta egon dira beti esaerak eta araoak (maldizioak). Horregatik, Kalezarren ere zenbait beldurri aurre egiteko araoak erabili beharko dituzte haurrek aurrera egin nahi badute. Musika eta joko tradizionalek ere izango dute tartea auzoan. Azkenean, txorimaloa hornitzea lortuko ote dute?

 

Gaubeltza.eus
Urriaren 31n ospatzen da Gau Beltza. Azken urteetan ohitura zaharrak berreskuratuz, jaia berrasmatzen ari dira herriz herri. “Ospakizun horietako antolatzaile zein parte hartzaileekin bildu, ikuspegi ezberdinetako ekarpen berriak jaso, eta adostutako oinarri partekatu batekin osatu dugu Gau Beltza antolatzeko baliagarri izan nahi duen baliabide kutxa”, Topagunetik aditzera eman dutenez. 

Euskaltzaleon Topagunea dago hortaz, ekimen honen atzean (NOAUA Kultur Elkartea Topagunea federazioko kide da, beste askorekin batera). UEUrekin elkarlanean antolatutako ikastaro batean hainbat baliabide adostu ziren eta geroztik gaubeltza.eus webgunean jasota dago antzeko ospakizuna antolatu nahi duen edonorentzat baliagarria izango den materiala:
-
Jaiaren jatorriaren azalpena eta testigantzak.
-Sustatu nahi diren baloreen deskribapena.
-Prozesuan laguntzeko gomendioak.
-Ospakizunetarako ekintza proposamenak.
-Komunikazio euskarriak.
-Web orria: gaubeltza.eus