Andatzako indusketei eta udal aurrekontuei buruzko aurkezpen saioak gaur Sutegin eta Haur Eskolan

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 1a, 09:27

2023ko udal aurrekontu proposamenen azken aurkezpen saioa gaur Kalezarren. Sutegin, urteotan Andatzako indusketa lanen emaitzen berri emango dute.

Ostegun honetan arratsaldeko 18:00etan hasita Sutegin, Andatzan (Irigainen, Txangostan eta Andatz III deituriko eremuetan) azken bi urteotan, uda partean egin diren indusketa lanen berri emango dute Aranzadi zientzia elkarteak eta zereginotan parte hartu duten herritarrek.

"Badira urte batzuk Aranzadik Andatzan indusketak egiten dituela. Udan izan ohi dira, eta herritar boluntarioen laguntzarekin egiten dituzte. Azken urteotan, hiru gunetan aritu dira lanean: Irigainen, Txangostan eta Andatza III deiturikoan. Aurten ez dira Txangostan aritu, iaz hango lanak amaitutzat eman zituztelako, baina guztien berri emango dute abenduaren 1eko aurkezpenean", aurreratu du Usurbilgo Udalak.

Ordu erdi beranduago hasiko da Kalezarko Haur Eskolan, 2023ko udal aurrekontu proposamenen azken aurkezpen saioa. Xehetasunak jasotzeaz gain, ekarpenak egiteko aukera izango dute norbanako nahiz eragileek.



DATOZEN AURKEZPEN SAIOAK
Abenduak 1, osteguna
18:00 Andatzako indusketei buruzko aurkezpena Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: Andatzan (Irigainen, Txangostan eta Andatz III deituriko eremuetan) azken bi urteotan, uda partean egin diren indusketa lanen berri emango dute Aranzadi zientzia elkarteak eta zereginotan parte hartu duten herritarrek.

18:30 2023ko udal aurrekontu proposamenen aurkezpena Kalezarko Haur Eskolan.
Zehaztasunak: datorren urteko udal aurrekontuen proposamena ezagutzeko bilera erronda. "Zatoz 2023ko aurrekontu proposamenak ezagutzera!".

Antolatzailea: Usurbilgo Udala.