Martxoaren 4an

Emakumeen Etxearen irekierara begirako asanblada irekia eta bertso-bazkaria

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 16a, 08:24
Emakumeen Etxearen egitasmoko talde sustatzailea.

Bi hitzorduok martxoaren 4ko antolatu ditu Emakumeen Etxearen bueltan osatua den talde sustatzaileak.

Kalezarko Pelaioenean kokatuko den Emakumeen Etxeko talde sustatzaileak, irekierara begira egitasmoa ahalik eta emakume gehienengana heltzeko asanblada irekia eta Martxoaren 8ari lotutako bertso-bazkaria antolatu ditu martxoaren 4an. “Azken hilabeteetan, Pelaioenea barrutik eraikitzeko obrak martxan, proiektuaren inguruko lanketa zehatzagoa egiten aritu da talde sustatzailea, Elhuyarren laguntzarekin: etxeak emango dituen zerbitzuak, egin daitezkeen ekitaldi eta ikastaroak eta abar. Horien guztien berri emango dute martxoaren 4ko asanbladan. Obraren egoerak ahalbidetzen badu, eraikina barrutik ikusteko aukera ere izango da egun horretan”.

Talde sustatzailetik hitzorduotan parte hartzeko deia egin dute, "martxoaren 4ko asanblada irekian proiektua partekatu, eta batera bazkaltzen joatekoa. Elkarrekin goza dezagun, elkar ezagutu eta sarea josten hasi gaitezen!".

Beste herrietako esperientziak ezagutzen izan da azken aldian talde sustatzailea. "Iaz, Errenteriako Emakumeen Etxea eta Hernaniko Kulturarteko Plaza Feminista ezagutu ondotik, iragan astean Astigarragako Emakumeen Etxean izan zen Usurbilgo Emakumeen Etxeko talde sustatzailea. Biztanleria kontuan izanda, parekoagoak dira Astigarraga eta Usurbil, eta, beraz, Emakumeen Etxea sortzeko hango esperientziak gertutasun eta antzekotasun gehiago izan ditzakeelakoan egin dute bisita".

Martxoak 4, larunbata
12:00
Emakumeen Etxeari lotutako asanblada irekia Potxoenean.
Izen-ematea aurrez, bideotatik:
943 377 110
parekidetasuna1@usurbil.eus
Segidan, bertso-bazkaria Artzabalen. Parte hartzaileak: Maialen Lujanbio, Jone Uria eta Saioa Alkaiza. Gai-jartzailea: Amaia Agirre.
Sarrera: aurrerago eskuragarri.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.