"Proiektu hau diseinatu zenetik, irisgarritasun unibertsala ziurtatua izan behar zuela argi izan genuen"

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 23a, 16:46

Kalezarren Matia eraikitzen ari den zaintzadun etxebizitzen auzune berrirako irisgarritasun unibertsala bermatuko duen proiektua aurkeztu du gaur Potxoenean Usurbilgo Udalak, agerraldi bidez. Proiektu hau eta egitasmoa bideratuko duen hitzarmena hain zuzen.

"Matia Kalezarren eraikitzen ari den zaintzadun etxebizitzen auzunearen irisgarritasun unibertsala bermatu asmo duten azpiegiturak gauzatu eta azpiegitura horiek finantzatzeko helburuz osatu dugun hitzarmena" da prentsaurreko bidez aurkeztu dutena. Udaleko hirigintza batzordean udal talde guztien aho bateko babesarekin diktaminatu dute egunotan, datorren asteko osoko bilkuran onartu asmo dute. "Asmo hau ez da oraingoa. Proiektu hau diseinatu zenetik argi izan genuen gisa honetako ekipamendu batek ziurtatua izan behar zuela irisgarritasun unibertsala", azaldu du gaurko agerraldian, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak.

Ordutik, "bi erakundeen artean lankidetza, lan giro eta adostasunetara iristeko jarrerak ahalbidetu du adostasun berri hau. Eskerrak eman Matiari egiten ari den ahaleginagatik. Gure herriarekiko duen konpromisoaren erakusgarri eta islada da proiektu hau". Hitzarmenak obren exekuzioari eta finantziazoari buruzko xehetasunak jasotzen ditu, baita sinatzaileek bere gain hartuko dituzten konpromisoak zehaztu ere.

Eremu berri horretara, N-634 errepide aldetik edonor igo ahal izateko modua izatea ziurtatu nahi dute hitzarmen honen bidez egingo diren lanekin. Horretarako, autobus geltoki bana eraikiko dute N-634 errepidearen ertzetan. Egun handik hurbil dagoena ordezkatuko du. Zonalde horretan dauden semaforoei berriak erantsiko dizkiete, irisgarritasunaz gain, bertako segurtasuna bermatzeko. Orain artekoaz gain, bigarren zebra-bidea ere margotuko dute. Bi pasabideok autobusak geratu nahiz bidaiarien joan etorrirako segurtasunez ibiltzeko eremua izango dute. Handik aipatu auzunera dagoen "22 metroko desnibela gainditzeko" pasarela batek lotuko dituen bi igogailu eraikiko dituzte. Ez soilik auzune berrira igo nahiz jaisteko, Kalezar edota Ugartondoko bizilagunei garraio zerbitzuetara nahiz bizilekura joateko irisgarritasuna nabarmen hobetuko zaie. "Funtzionala eta inpaktu bisuala oso handia ez izatea" zen helburua, Sebas Cardenas arkitektoak azaldu duenez. 
 
"Azpiegitura sozial garrantzitsua"
Garrantzitsutzat jo du hitzarmen hau alkateak, "bai auzune honentzat eta bai Kalezarrentzat ere". Ugartondoko eremu berriarentzat ere bai. Haientzat guztientzat, "
honek ahalbidetuko du garraio publikoaren erabilera sustatzeko neurriak, loturak eta irisgarritasun baldintzak nabarmen hobetzea. Azpiegitura sozial garrantzitsu bat da ere Usurbilgo herriarentzat, beraz ere horregatik egingo du Udalak ahalegin eta inbertsio ekonomikoa. Falta dena, gainerako dirua, Matiak jarriko du eta obran sor daitezkeen ezustekoak finantzatzeko konpromisoa Matiak bere gain hartzen du. Obrak amaitutakoan udalak igogailua jaso eta horren mantenu gastuak Udalaren gain geratuko dira".

Finantziazio bila
Proiektua gauzatzeko aurre egin beharreko inbertsioa izan dute zailtasun handienetako bat. Gai honek "proiektu osoaren bideragarritasun ekonomikoa zalantzan jarri zuen bere garaian, beraz, bi faseetan egitea erabaki zen. Lehenik, auzunea eraikitzea eta auzunearen aurreko urbanizazio lanak egitea eta bigarren fase batean autobus geltokiari eta igogailuari heltzea horretarako finantziazioa lortuko balitz". Horretan jardun dute Matiak eta Udalak azken hiru urteotan, egitasmo hau gauzatzeko laguntza bila. Baita lortu ere, tartean besteak beste, "azpimarratu behar da Foru Aldundiaren konpromisoa eta ahalegina proiektu hau gauzatzeko".

Gaur aurkeztu duten hitzarmena sinatzear dute. Atzerapenik ez bada, hitzarmena sinatu eta "bi aste barru" lanok abiarazi asmo dituzte. Lanon esleipen deialdira bi enpresa aurkeztu dira. Datorren astean erabakitzekoa dute, lanak nori esleitu. Urte amaierarako gauzatu asmo dute proiektua.




Kalezarko zaintzadunen etxebizitzen auzune berrirako irisgarritasun unibertsalerako proiektua
-Aurrekontua: 1,6 milioi euro pasatxo.
-Lanen iraupena: 6-7 hilabete.
-Lanen amaiera aurreikuspena: 2023. urte amaiera.
-Matiak exekuzio proiektua idatzi du. Obren ardura bere gain hartuko du. 
-Finantziazioa: Matiak Europako funtsetatik jasotako 700.000 euro inguruko dirulaguntza eta Udalak jarriko dituen 480.000 euro (300.000 euro aurten, 180.000 euro 2024an). Falta den dirua Matiak jarriko du.
-Obren exekuzioa: lanak nori esleitu datorren astean erabakiko dute. Lanak hitzarmena sinatu eta bi astera hasi asmo dituzte.