Zaintzadun etxebizitzen auzunea handitzeko behin betiko onespena

Noaua Aldizkaria 2023ko mar. 23a, 16:38

Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzunearen eraikigarritasuna handitzeko Matiaren eta Usurbilgo Udalaren egitasmoari behin betiko onespena eman dio Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzunea eraikitzen amaitu aurretik, hazi egingo da. Eremuaren eraikigarritasuna handituko da, Matiaren aldetik eginiko eskaerari erantzunez. "Azkeneko hilabete luze hauetan prozedura urbanistiko eta administratibo bat izan dugu martxan, hain zuzen ere eraikigarritasun handitze hori ahalbidetuko duen arau subsidiarioen aldaketa bideratzeko", azaldu du goizean Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak, Udala eta Matia sinatzekoak diren hitzarmenaren berri emateko agerraldian.

Zazpi mila biztanle baino gutxiagoko udalerria izanik, ezinbestekoa zuen Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren onespena. Kalezarko eremu berri honen eraikigarritasunaren handitzearen behin betiko onarpena jaso berri du Udalak. Diputazioak berak halaxe jakinarazi zuen, martxoaren 8ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen iragarkiaren bidez.


Kalezarko zonalde honen eraikigarritasun hau handitzearen bidez, sei etxebizitza gehiago eraikiko dituzte zaintza behar duten pertsonentzat eta haien zaintza lanez arduratzen direnentzat izango dira. Hau da, ez zaintza behar dutenentzat soilik bere zaintza lanaz arduratzen den etxekidearentzako bizilekuak ere izango dira, iazko maiatzeko osoko bilkuran, egitasmo honi hasierako onarpena ematerakoan udal gobernu taldetik berri eman zuten moduan. Zaindua eta zaintzalea elkarrekin bizi ahalko dira etxebizitza hauetan. Alkateak gaur adierazi duenez, "Matiarekin izandako elkarrizketetan konpromisoa hartu zuen, usurbildarren eskaririk egongo balitz sei etxebizitza horietatik bitan herrikideak lehenesteko aukera egotea. Beraz, guretzako hori ere oso garrantzitsua da, gure herritarrei beste zerbitzu bat gehiago eskaintzeko moduan izango garelako gure herrian. Oso herri gutxi izango dira, benetan zaintza mota behar ezberdinei erantzuteko hainbeste zerbitzu eskaintzeko aukera dituena". Eraikitzeko lanak bideratzeko baimena eskatu berri dutela aditzera eman dute gaurko agerraldian.

Erabilera erabakitzeke
Sei bizilekuokin batera, hamabi aparkaleku berri sortuko dira auzokideentzat, zonalde honen eraikigarritasuna handitzeari esker. Usurbilgo Udalak, gainera, 226 metro karratuko lokal bat ere eskuratuko du. "Guretzat kokapena garrantzitsua da", nabarmendu du Usurbilgo alkateak. Oraindik zertarako erabili erabakitzeke duten arren, ideiak izan badituztela berri eman du. Esaterako, "turismo eredu berriari" lotzea. "Guk uste dugu zaintzaren Usurbil badela erakutsi eta proiektatu nahi dugun zerbait". Ildo horretan, "650 Usurbil Bizi" egitasmoak berritzaileak eta eraldatzaileak diren proiektuei leku egin nahi die, eta ildo horretan, "Matia eraikitzen ari den zentroa" gisa horretakoa da, halako "auzunerik ez dago inon". Horregatik, ez dute baztertzen, "zaintzaren interpretazio zentro modukoa eraikitzea" lokal hau baliatuta. Halere, "hurrengo legealdirako" utzi duten egitasmoa da honakoa.