2023-24 ikasturtea

Haur Eskolan matrikulatzeko garaia jai egunon ostean

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 5a, 09:18

Apirilaren 17an irekiko dute 2023-24 ikasturterako matrikulazio epea Haur Eskolan. Gogoan izan, zabalik segitzen du batxilergoko ikasketetan izen-emateko epeak ere, besteak beste, Oriarten.

2023-24 ikasturterako HH, LH eta DBH zikloetarako matrikulatzeko aukera izan zen otsaileko bi asteetan. Iragan astean, martxoaren 27an zabaldu zen, irailetik aurrera batxilergoko ikasketak bideratu nahi dituztenentzat izen-emateko epea. 0-3 urte arteko haurtxoen txanda orain. Usurbilgo Haur Eskolan izena emateko epea datozen jai edota opor egunon ostean irekiko dute, apirilaren 17an. Hilaren 28ra arte luzatuko da matrikulazio epea. "Behin ikasturtea hasita, Haur Eskolak eskaintzen duen zerbitzuaren beharra izango duzuela aurreikusten baduzue, matrikulazio garaian gurekin harremanetan jartzea eskertuko genizueke, epez kanpoko izen-emateei ezin baitiegu plaza eta ordutegia bermatu", ohartarazi dute Haur Eskolatik.

Matrikulatzeko hitzordua eskatu beharko da aurrez, informazio gehiago ere jaso daitekeen bideotatik hain zuzen:
943 36 12 16 (8:00-15:00 artean)
haureskola@udarregi.eus
Ugarte, 9

Horrekin batera, gogoan izan, matrikulazio epea ireki berritan, ate irekien eguna antolatu du Haur Eskolak; apirilaren 19an hain zuzen, asteazkenez; 17:00etan euskarazko saioa eta ordubete beranduago, 18:00etan gaztelaniazkoa.



Aurrematrikulazio epea zabalik Oriarten
Aurrematrikulazio epeak zabalik segitzen du martxoaren 27az geroztik, besteak beste, Usurbil eta Lasarte-Oriako Oriarte Institutuan nahiz www.euskadi.eus/hezkuntza atarian. Apirilaren 21era arte bideratu ahalko da 2023-24 ikasturterako izen-ematea bertan eta gainerako EAE-ko berrehunetik gora ikastetxe publiko nahiz itunpekoetan. 

Zientziak eta teknologiako, eta giza zein gizarte zientzietako batxilergoetan trebatzeko aukera eskaintzen du Oriartek. Informazio gehiagorako: 
oriarte.eus
943 899 492
info@oriarte.eus

Egutegia
-Martxoak 27-apirilak 21: eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.
-Maiatzak 10: onartuen eta ez onartuen behin-behineko zerrenden argitaratzea.
-Maiatzaren 17ra arte: behin-behineko zerrendei erreklamazioak aurkezteko epea.
-Maiatzak 24: onartuen eta ez onartuen behin betiko zerrenden argitaratzea.
-Ekainak 19-uztailak 4: matrikula egiteko epea.