"Adin Adin"

San Ixidro Egunaren aurretik, Eguneko Zentroa girotu dute Ane Labakak eta Sebastian Lizasok

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 11a, 09:47

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk 21 "Adin Adin" izeneko egitasmoaren baitan, hainbat bertso saio antolatu dituzte herrialdeko 21 adinekoen egoitzetan; tartean, asteazken honetan Usurbilgo Puntapax Eguneko Zentroan. Ane Labakak eta Sebastian Lizasok parte hartu dute hitzorduan. Aste honen egingo duten bi bisitetan lehenengoa izan da; igandeko San Ixidro Eguneko ospakizunetan gure artean izango ditugu berriz.

Amatasuna eta zaintza orohar edota irekitzear den Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune berria ahotan hartu dituzte Ane Labakak eta Sebastian Lizasok asteazken honetan Puntapax Eguneko Zentroan eskaini duten bertso saioan. Emanaldi berezia izan da, egitasmo zabalago baten baitan kokatua dagoena.

Adinekoen egoitzetako egoilarren bizi kalitatea hobetu eta "bertsoen bidez euren gaitasuna sustatzea" helburu duen "Adin Adin" izeneko proiektua abiarazi dute zortzigarrenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk. Ekimen honen baitan, 21 bertso saio antolatu dituzte herrialdeko adinekoen egoitzetan maiatzaren 3an hasi eta hilaren 19ra arte; baita Usurbilen ere. Udalerri honen kasuan, asteazken honetan egin dute Puntapax Eguneko Zentroan.

"Adin Adin" egitasmoko hitzorduok Azkoitian, Tolosan, Zumaian, Zumarragan, Lazkaon, Errenterian, Donostian, Bergaran, Seguran, Zestoan, Arrasaten, Oiartzunen, Legazpin, Aretxabaletan, Azpeitian edota Beasainen izango dira. 17 udalerritako 21 egoitzetan eskainiko diren saio guztiotan belaunaldi ezberdinetako baina eskualde bereko bina bertsolarik parte hartuko dute. Guztira 25 lagunek: Eneritz Artetxek, Anjel Mari Peñagarikanok, Maddi Aiestaranek, Andoni Egañak, Alaia eta Jon Martinek, Ainhoa Agirreazaldegik, June Aiestaranek edota Amaia Agirrek, besteak beste.

"Azken urteetan ekimena izaten ari den harrera ona kontuan izanda, ekimena pixkana zabaltzen ari da eta gero eta gehiago dira parte hartzeko interesa erakusten duten egoitzak ere, esaterako, Matiak hiru saio babestuko ditu diruz aurtengo edizioan", berri eman dute sustatzaileek.

Ahozkotasunaren potentziala 
Bertso saio bakoitzaren aurretik hitzordua nola lantzen duten ere aditzera eman dute. "Bertso saioak aurrez prestatzen dira egoitza bakoitzeko dinamizatzaile eta animatzaileen bidez egoiliarrekin, gogoko dituzten bertso zahar eta kantu herrikoiak ezagutzeko, eta horrela bertsolariak doazenerako parte hartzea errazago aktibatzeko".

Ekimen honen eragin positiboa nabarmendu dute antolatzaileek. "Proiektu honen bidez, euskal kulturaren adierazpide nagusienetakoa den bertsolaritza adinekoen egoitzetara iritsarazten da, ahozkotasunak duen potentzial osoarekin, “terapeutikoki zein ludikoki”. Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuaren esanetan, gakoa “adineko pertsonen parte-hartzea bultzatzean eta euren arteko harremana hobetzean” dago. “Musikak eta bertsoek memoria lantzea ahalbidetzen die adineko pertsonei; iraganeko oroitzapenak eta bizipenak berpizten zaizkie”.

San Ixidro Egunean berriz
Ane Labaka eta Sebastian Lizaso bitan izango ditugu aste honetan Usurbilen. Atzoko Puntapaxeko emanaldiaren ondotik, igandeko San Ixidro Egunean entzun ahalko ditugu berriz:

San Ixidro Eguna
Maiatzak 14, igandea
12:30 Ongi etorria eta hamaiketako herrikoia, Dema plazan.

13:00 Aizkolariak.: Igoin Pikabea eta Unai Etxebarria.
13:30 Bertso-saioa: Ane Labaka eta Xebastian Lizaso.
Ondoren, baserritarren argazkia frontoian.
14:00 Bertso-bazkaria Artzabalen.
 Txartelak Alkartasunan eta Artzabalen.
18:00 Herri kirolak: pentatloia eta harri-jasotzaileak.
-Pentatloian: Andoni eta Jakes Iruretagoiena.
-Harrijasotzen: Lur Errekondo, Ane Zinkunegi eta Hodei Iruretagoiena.

Antolatzailea: Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatiba.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.