N634 errepideko errei bat itxita datozen bi asteburuetan Kalezar parean

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 5a, 08:56

Ekainaren 9ko eta 16ko asteburuetan itxita egongo da N634 errepideko errei bat Matia Kalezarren eraikitzen ari den zaintzadun etxebizitzen auzune berriaren parean, autobus geltoki berria egiteko lur mugimenudak egin behar baitituzte.

Datozen bi asteburuotan N634 errepideko bi zonaldeetan bereziki adi gidatu beharko dugu. Bat ezaguna zaizue, Troia eta Txikierdi artean. Errei bat itxita dago, errepidearen egitura indartu eta hobetzeko lanengatik. Semaforo bat ari da kudeatzen uneoro ibilgailuen joan-etorria.

Usurbilgo Udalak jakinarazi berri duenez, datozen bi asteburuotan, ordea, errepide bereko beste zonalde batean ere lanetan izango dira, Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzunearen parean hain zuzen. Udalak ohartarazi duenez, errei bat itxita egongo da ekainaren 9ko eta 16ko asteburuetan, ostiral gaueko 22:00etan hasi eta astelehen goizaldeko 5:00ak arte. Ondorioz, hemen ere semaforo batek kudeatuko du ibilgailuen joan-etorria.

Lur mugimenduetarako
Bertan egitekoak dituzten lanen nondik norakoak azaldu ditu Udalak. Aurreko hilabeteetan iragarri moduan, autobus geltokia eraikiko dute bertan, egungoa dagoen zonaldetik metro batzuetara Matiaren auzunearen parean "eta horretarako, lur mugimenduak egin behar dituzte". Geltoki honekin, eta handik gora igotzeko eraikiko diren bi igogailu eta eskailerekin irisgarritasun unibertsala bermatu nahi dute Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune berrira nahiz Kalezar eta Ugartondora. "Igogailuak jartzeko lanak hasita daude, eta hurrengo urratsa geltokia egiteko tokia egitea izango da. Lur mugimenduak egin behar dituzte, hustu, eta horixe izango da hurrengo bi asteburuetan N634ko errei bat ixtearen arrazoia", zehaztu du Udalak.

Obra hauen kostua, 1,6 milioi eurotik gorakoa da. "Udalak 480.000 euro ordaintzeko konpromisoa hartu du, hiru urtetan banatuta: 150.000 euro 2022an, 150.000 2023an eta 180.000 euro 2024an. Aurrekontuaren gainerakoa Matiaren ardura izango da, baita sor daitezkeen ezustekoak finantzatzea ere; Europako funtsetatik 700.000 euroko laguntza jasoa du Matiak, eta bultzada garrantzitsua izan da proiektuarentzat". Igogailuaren mantenuaz arduratuko da gero Udala, Foru Aldundia geltokiarenaz.