Esther Arrojeriak beste urtebetez segiko du Bera Beran

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 9a, 10:36

Kalezarko eskubaloi jokalariak beste urtebetez luzatu du Bera Bera taldearekin duen hitzarmena.

Esther Arrojeriak beste urtebetez Bera Bera taldearekin jokatzen segiko du. Hala baieztatu du Donostiako eskubaloi klubak azken orduotan. Jokalariak adierazitakoa ere ezagutzera eman du Bera Berak. Bere esanetan, Kalezarkoarentzat amaitu berri duena denboraldi "onenetariko bat" izan da.  “Denboraldi bikaina egin dugu, finalerdian galdu genuen baina asteak pasatu ahala uste dut pozik egon behar dugula, talde lehiakorra izan gara, liga erregulara irabazi dugu eta Superkopa eta Kopako tituluak eskuratu, azkeneko urtetan lortzen ez genituenak”, adierazi du Estherrek Bera Beraren bidez.

2012ko urrian debutatu zuen Arrojeriak. 11 urte egingo ditu ohorezko mailan. 267 partida jokatu ditu elitean eta 798 gol sartu, klubetik gogorarazi dutenez. “Taldean inportante sentitu naiz eta Europako txapelketa jokatzeko aukera izan dut sentsazio onekin gainera”, adierazi du Estherrek Bera Beraren bidez. 


Pozarren
Hitz hauekin, pozarren agertu da Kalezarkoa beste denboraldi batez orain arteko eskubaloi taldean jokatzen segi ahalko duelako. “Etxeko taldea da, nire jendea, oso gustora nago eta erronka berriei ekiteko gogotsu”.  Datorren denboraldiak “ilusio” handia sortzen diola dio. “Erronka berriak izango dira guretzako, European Leagueko multzoen fasean sartzeko irrikan gaude, Iberiar Superkopak formato desberdina, Kopa berriro etxean eta ea arantza kentzeko aukera dugun eta iaz bizi genuena errepikatu, antolakuntza zoragarri izan zelako eta ligan, berriro play-offak, emozio handikoak izan direnak eta amaiera arte borrokan egotea izango da gure nahia”.

Arrojeriarekin batera, Maitane Etxeberriak eta Laura Hernandezek ere beste denboraldi batez Bera Berarekin jokatzen segiko dute. Bera Beratik berri eman dutenez, egunotan Kantabrian dira "selekzioarekin kontzentraturik".