Pikaolatik Kalezarrerako sarbidea itxita egunotan

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 19a, 08:39

Kalezarko jaiak hasterako, lanok amaituko dituztela aurreikusia dute.

Ekainaren 19tik 23ra, Matiak Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune pareko errepidea asfaltatzeko lanak egingo dituela berri eman du Usurbilgo Udalak, Pikaolako bidegurutzetik Kalezarko sarreraraino. "Lanak egin bitartean ezingo da bertatik pasatu, ez autoz ez oinez", ohartarazi dute. Halere, lanak iragarritakoa baino lehen, San Juanak hasi aurretik amaitzea aurreikusten dute. "Kalezarren ospatzen diren San Joanjaien bezpera izanik, hilaren 23a baino lehen amaitzeko eskatu die Udalak".

Lanon aurretik, auzunearen kaleko eremuak aparkalekuak ere asfaltatu dituzte. "60 aparkaleku inguru sortuko dira auzunean, erabiltzaileei bisitan joaten direnentzat zein herritarrentzat; lurrazpiko aparkaleku bat ere izango du zaintzadun auzuneak, kasu horretan, bertako langile eta bisitarientzako", Usurbilgo Udaletik azaldu dutenez.

Troia-Txikierdi
Errei batek itxita segiko du baita asteotan, Troia eta Txikierdi lotzen dituen N634 errepide zatian. Errepidearen egitura indartu eta hobetzeko lanetan ari dira bertan. Errei bat itxita dago. Semaforo batek kudeatzen segiko du ibilgailuen joan-etorria.

Tourra
Usurbilgo jaiak ospatuko ditugun egunei begirako beste ohar bat. Frantziako Tourra aurten Euskal Herritik abiatuko da. Lehen hiru etapak Hego Euskal Herritik, zehazkiago esanda. Haietako bik uztailaren 2koak eta 3koak udalerri hau ez, baina Usurbil inguruak zeharkatuko ditu. Hilaren 2an, Buruntzaldeko udalerri gehienak; Andoain, Urnieta, Hernani eta Astigarraga, 14:00ak pasatxoan. Etapa hau Donostian amaituko da. Biharamunean, hilaren 3an, Orio, Igeldo eta Gipuzkoako hiriburu inguruak zeharkatuko ditu. Etapa hauen zeharkaldia dela eta, ordu askotako bide mozketak izango dira eta garraio zerbitzuetan ere eragingo du. Adi, beraz.