Kalezar jaien atarian

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 20a, 14:29

Hiru egun baino ez, Kalezar festa giroan murgiltzeko.

Ekainaren 23tik 25era Kalezar festa giroan murgilduko da. Zenbait aldaketa iragarri dituzte aurtengoan. Lehenengoa, lau ez, hiru festa egun izango dituzte San Joanek. Bezperan hasiko direnez, lehenengo hitzordua, eskea izango da hain zuzen. Itzulia egiten ari diren artean, aurtengoan auzunearen erdigunean ez da girorik faltako, buruhandiak iragarri dituzte, asteburu osoan bezala.

Eskea aipatu dugula, azken orduotan jakinarazi dute Jai Batzordetik beste aldaketa. San Joan sua kokagunez aldatzea erabaki dute. Orain arte Pikaolan egiten zuten ospakizuna. Ugartondoko etxeetako bizilagunei ez eragitearren, Puntapaxetik Kalezarrera igotzeko eskaileren ondoko belardi batean piztuko dute aurten. "Sua Kalezarko parkearen azpian dagoen belardian egingo da, Puntapaxetik Kalezarrera igotzeko eskaileraren amaieran, ezkerreko aldean", Jai Batzordetik aditzera eman dutenez. "22:00etan emango zaio hasiera suari, trikitilari eta bertsolariek girotuta. Animatu". Gaztelumendi anaiak gonbidatu dituzte San Joan gauera. 

Azken oharra; zaintzadun etxebizitzen auzune berri pareko bidea itxita dago, asfaltatzeko lanetan dira egunotan. Halere, lanok Kalezarko festak hasi aurretik amaitu asmo dituztela jakinarazi du Usurbilgo Udalak.

Gainerakoan, kontzertuak, haurrei zuzendutako ekimenak edota txapelketak izango dira aurtengo Kalezarko festen egitarauko ardatz nagusiak.

Kalezarko jaiak
Ekainak 23, ostirala: San Juan bezpera
15:00 San Juan eskearen irteera.
17:30 Buruhandiak.
22:00 San Juan sua, Gaztelumendi anai bertsolariek girotuta.
23:00 Inguma eta Lehen Lerroa musika taldeak.
Jarraian: Fan & Go.

Ekainak 24, larunbata: San Juan eguna
11:00 Meza Nagusia.
12:00 Toka eta hamaiketakoa.
Ondoren: Patata tortila lehiaketa.
16:00 Mus txapelketa (Izen ematea 15:30ean itxiko da).
17:00 Buruhandiak.
18:00 Herriko dantzariak.
Jarraian: sardina eta sagardo dastaketa Saizar sagardotegiaren eskutik.
23:30 Bide Batez.
Jarraian: DJ Javi Hidalgo, goizaldera arte.

Ekainak 25, igandea: Umeen Eguna
10:00 Umeen Krosa.
11:30 Jolasak.
Ondoren: Buruhandiak.
16:00 Tailerrak.
Ondoren: Buruhandiak.
18:30 Txokolatada.
19:00 Dj GORKAMENDIren eskutik dantzaldia.

Antolatzailea: Kalezarko Jai Batzordea.