Kalezar, San Joanen asteburuan

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 23a, 09:32
San Juan sua piztuko duten eremua.

48 orduko parranda giroan murgilduko da gaurtik Kalezar.

Udari ongi etorria eman bezain laster, festa giroan murgilduko da Kalezar asteburu honetan. San Joan bezpera, eguna bera eta haurrei eskainitakoa antolatu ditu ekainaren 23an hasi eta hilaren 25era arte. Tarte horretan, kontzertuak, umeei zuzenduriko jolas, kros eta buruhandiak, jan-edana edota zenbait txapelketa ere ospatuko dira Kalezarren.

San Joan bezpera honetan iragarri dituzte, ordea, lehen ekitaldiak. Eskean irtengo dira Gaztelumendi anai bertsolariekin eta trikitilariak bidelagun dituztela. Gauera arte luzatuko den biraren baitan, geldialdia egingo dute San Juan suaren bueltan. Gaur gaueko 22:00etan izango da, baina adi, ez aurreko urteetan bezala, Pikaolan. Ugartondoko etxebizitzetako bizilagunei eragozpenik ez sortzearren, lekuz aldatu dute sua pizteko eremua.

"Sua Kalezarko parkearen azpian dagoen belardian egingo da, Puntapaxetik Kalezarrera igotzeko eskaileraren amaieran, ezkerreko aldean", Jai Batzordetik aditzera eman dutenez. "22:00etan emango zaio hasiera suari, trikitilari eta bertsolariek girotuta. Animatu". Gaztelumendi anaiak gonbidatu dituzte San Joan gauera. 

Kalezarko jaiak
Ekainak 23, ostirala: San Juan bezpera
15:00 San Juan eskearen irteera.
17:30 Buruhandiak.
22:00 San Juan sua, Gaztelumendi anai bertsolariek girotuta.
23:00 Inguma eta Lehen Lerroa musika taldeak.
Jarraian: Fan & Go.

Ekainak 24, larunbata: San Juan eguna
11:00 Meza Nagusia.
12:00 Toka eta hamaiketakoa.
Ondoren: Patata tortila lehiaketa.
16:00 Mus txapelketa (Izen ematea 15:30ean itxiko da).
17:00 Buruhandiak.
18:00 Herriko dantzariak.
Jarraian: sardina eta sagardo dastaketa Saizar sagardotegiaren eskutik.
23:30 Bide Batez.
Jarraian: DJ Javi Hidalgo, goizaldera arte.

Ekainak 25, igandea: Umeen Eguna
10:00 Umeen Krosa.
11:30 Jolasak.
Ondoren: Buruhandiak.
16:00 Tailerrak.
Ondoren: Buruhandiak.
18:30 Txokolatada.
19:00 Dj GORKAMENDIren eskutik dantzaldia.

Antolatzailea: Kalezarko Jai Batzordea.