Udako solstizioaren eta jai giroaren sugarra piztu dute

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 23a, 22:54

Su bizi askoa piztu dute San Joan gau honetan Kalezarren.

Erregaiez busti duten arren, erretzera botatako materialari hasieran kosta zaio su hartzea, baina indartzen joan eta sugar ikusgarria izan da Kalezarren San Juan gau berezi honetan. Kalezarko jaiak abiatu berritan piztu dute udako solstizioari ongi etorria eman eta festa giroa sustatu duen sua.

Aurten, leku berri batean piztu dute. Iaz arte, Pikaolan ospatzen zuten hitzordu hau. Aurten, ordea, Ugartondoko bizilagun berriei ez eragitearren, Kalezar erdigune pareko zelaira lekuz aldatu dute sua pizteko eremua. Aurrekoen antzera, oraingo honek ere ez zuen erregairik falta. Nabaria, zenbat eta zenbat paper bota duten sutara, tartean, baziren ikasturtea bukatuta, gehiago beharko ez dituzten apunteak ere.

Kalezarko suaren bueltan bildu dira auzokideak baita hara joandako hainbat herrikide ere. Bertan ziren baita, bazkalostean etxez etxe eskean irtendakoak. Gaztelumendi anaiek girotu dute bertsoz hain zuzen, Kalezarko sua piztu duten unea.