Egurtzegiren inaugurazioa

Etxean bezala sentiarazteko espazio argitsu, ireki eta goxoa

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 11a, 14:02

Gaur inauguratu duten Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzunea barrutik ezagutzeko aukera izan dute bertara joan direnek. Irudiotan ikus daitekeen moduan, gune eroso, goxo, irisgarri eta oso argitsua da gaur irekitakoa. Lehen egoiliarrak egun batzuk barru etorriko dira bertan bizitzera.

Bizitzeko, egoteko, bisitatzeko... Une gozo bat baino gehiago partekatzeko espazioa izango da aurrerantzean, astearte goiz honetan, uztailaren 11n Kalezarko Egurtzegin inauguratu duten zaintzadun etxebizitzen auzune berria. Bertako egoiliarrak etxean bezala sentiarazteko eraiki dute, baita usurbildarren topagune izateko ere. Gaurko hitzordura joan direnek hain zuzen, instalakuntzak barrutik ezagutzeko aukera izan dute, bertan antolatu duten bisita gidatuan. 

Espazio pribatuak
Egurtzegi Usurbil eraikitzen ari den zaintza ekosistema berriaren baitan txertatuko da. Eredu instituzional tradizionaletik urrunduko da, "etxebizitzaren esparru kontzeptualetik" sustatu baitute. Horrek ohiko egoitzetako logela kontzeptua ordezkatuko du "eta benetan bermatzen du espazio pribatu bat dagoela, etxebizitza bateko gela guztiak barne hartzen dituena. Familiekin, lagunekin edo boluntarioekin komunikatzeak eta laguntzeak pribatutasun-zentzua hartzen du, eta erakunde tradizionalak ezin du hori lortu" Matiaren esanetan. 

Tamaina ere aintzakotzat hartu beharra dago. "15 eta 20 pertsona artean biziko diren bizikidetza-unitateen kontzeptutik diseinatu" dute. "Unitate horiek bi unitate txikitan azpibanatu ahal izango dira, ziur baikaude laster egitura horretara egokitu ahal izango direla", Matiatik iragarri dutenez.

Eguneko Zentroa ere bertara lekuz aldatuko dute. "Orientazio erabat komunitarioa du, eta udalerriak erabiltzaileei eskaintzen dizkien aukera guztietara irekitzen da. Pertsonak beren etxeetan jarraitzera bideratutako zerbitzua izango da, zaintza-sare usurbildarreko etxeko zerbitzuekin (EELZ, Laguntza Pertsonala) osagarritasuna bermatuz".

Egurtzegi zenbakitan
Hemen Egurtzegiri buruzko xehetasun gehiago:
-Modu independentean funtzionatzen duten lau eraikin izango ditu, "beirazko elementu arinagoekin konektatuta daudenak".
-110 bizileku pribatu eskaintzen ditu Egurtzegik. Bizileku bakoitzak duen ekipamendua: bainu egokitua, sukalde txikia, logela, egongela. "Armairu batek bereizten ditu, pribatutasuna errazteko, baina ez ditu erabiltzen espazioa eta zabaltasun-sentsazioa murrizten duten trenkadak". Bizileku pribatua izango da osorik, "beraz, pertsonak altzariz hornitu eta apaindu dezake".
-127 pertsona biziko dira.
-15-20 lagunentzako 7 bizikidetza-unitate izango ditu: sei adinekoentzat (lau mendekotasuna dutenentzat, bi profil psikogeriatrikoa duten adinekoentzat) eta bat dibertsitate funtzionala dutenentzat.
-Bizilekuen atarian, "espazio txiki bat dago, pertsona bakoitza irudikatzen duten objektuekin edo altzariekin pertsonalizatua izateko aukera ematen duena; horrela, dementzia duten pertsonei orientazioa eta identifikazioa ematen zaie".
-Horrekin batera, egun Haur Eskolarekin partekatzen duten eraikinean kokaturiko Puntapax Eguneko Zentroa ere bertara lekuz aldatuko dute. Bi unitate izango ditu, bakoitza 20 lagunentzako izango da.
-Komunitateari irekitako zerbitzok izango ditu: besteak beste, ile-apaindegia edota terraza duen taberna-kafetegia. 
-6,4 milioi euroko finantzaketa du proiektu honek: 2,8 milioi euro Matiak eta Aldundiak sinatutako hitzarmenetik jasoak, 3,6 milioi euro Foru Aldundiak kudeatzen duen Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planetik datozen Europako funtsen bidez jasotakoak. Horrez gain, "Usurbilgo Udalak "% 90eko hobaria eman du, Zerga Ordenantzan obrak zergapetzen dituena, eta 480.000 euro irisgarritasun unibertsaleko proiektuari".