Egurtzegiren inaugurazioa

"Izan dadila etxe goxo bat bertan egongo diren guztientzat eta topaleku usurbildar guztientzat"

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 11a, 11:53

"Gipuzkoak pertsonak zaintzen ditu, eta hemen pertsonak etxean bezala zainduko ditugu. Horretan, zaintzan ere abangoardistak izan nahi dugu", adierazi du Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak, astearte goiz honetan Egurtzegi, Kalezarko zaintzadun etxebizitzen eremuaren inaugurazio ekitaldian.

Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Eider Mendozak adierazi zuenez, astearte goiz honetakoa zuen abiatu berri duten legealdiko bigarren hitzordua, "sekulako poza" eragin diona. "Pertsonak geroz eta hobeto zainduko diren" lurraldea izaten segitzeko eredutzat, "leku aitzindaritzat" jo du gaur inauguratu duten Egurtzegi. 

Tokia soilik ez, herrialde mailan garatzen ari diren zaintzari lotutako eredua bera ere erabat berritzailea dela azaldu du. "Horretan aitzindaria da Gipuzkoa, aitzindaria den bezala Matia, egoitza bera ere aitzindaria da", Mendozak azpimarratu duenez, "inguru guztian lehena. Halakorik ez dugu inguru guztian". Horregatik, Kalezarko eremu berria itsasargi gisa definitu du, "erreferentea gainerako guztientzat". Zaintzaren "abangoardian" kokatu du. "Gipuzkoak pertsonak zaintzen ditu, eta hemen pertsonak etxean bezala zainduko ditugu. Horretan, zaintzan ere abangoardistak izan nahi dugu". 

Gipuzkoan martxan den zaintza eredua goraipatu du Ahaldun Nagusiak, "pertsonalizazioan dago oinarritua, alegia, pertsona bakoitzak dituen beharretara egokitutako eredu bat da". Berrikuntza lehenesten duena bere esanetan, komunitateari lotua dagoena eta hobetzen joateko ebaluaziopean egongo dena. 

"Eredua elkarlanean oinarritzen da"
Hau guztia, erakundeen arteko lankidetzak ahalbidetu duela azpimarratu du. Usurbilgo Egurtzegi Gipuzkoako eredu berritzailean kokatu du aipatu moduan, eta eredu hau hain zuzen, azken zortzi urteetan eginiko lanketa handiaren emaitza dela adierazi du. "Jauzia eman dugu gizarte politikaren arloan. Departamendu honek ere badu izen aldaketa bat, zaintza eta gizarte politikak eta eredu berriranzko trantsizio betean dago Gipuzkoako Foru Aldundia eta berarekin batera ematen ditugun zerbitzu guztiak".

Zerbitzuok zenbakitu ditu segidan. Herrialdeak 65 egoitza ditu egun. "30etan jada trantsizioa martxan dugu, 34 milioiko inbertsioa egin du Aldundiak azkeneko bi urte hauetan eredu berri hori martxan jartzeko 30 egoitzatan. Gainerakoak atzetik etorriko dira". Horrekin batera, "zaintzaren ekosistema lokalaren garapena" goraipatu du, bai Usurbilgoa nahiz beste 13 udalerrietakoa, "izan ere lurralde mailako apustua delako hau. Hau guztia posible da Gipuzkoako ereduari esker. Eredua elkarlanean oinarritzen da". Elkarlan horretan txertatu ditu Matia Fundazioa, udalak, edota alor hau ezagutzen pertsonak eta erakundeak. Haiei guztiei eskerrak helarazi nahi izan dizkie Mendozak. "Badakit lan asko egin duzuela puntu honetara iristeko eta sekulako zortea eta ohorea dut legealdia hasteko halako eredu berritzaile batekin, Usurbili zerbitzua emango diona, baina erreferentea eta itsasargia izango dena Gipuzkoako gainerako egoitzentzat. Beraz, urratu dezagun osasunez egoitza hau ere eta izan dadila etxe goxo bat bertan egongo diren guztientzat eta topaleku usurbildar guztientzat".