Egurtzegiren inaugurazioa

"Ongi etorri Egurtzegi, bide oparoa izan dezala proiektu honek"

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 11a, 12:27

Lankidetza eredua eta proiektuaren izaera "berritzailea eta aitzindaria" goraipatu ditu Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak gaur Kalezarren inauguratu duten Egurtzegin, zaintzadun etxebizitzen auzune berrian egindako irekiera ekitaldian.

"Ongi etorri Egurtzegi, bide oparoa izan dezala proiektu honek". Desio honekin egin dio harrera Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak, astearte goiz honetan inauguratu den Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune berriari. Usurbilgo herriarentzat egun garrantzitsutzat jo du gaurkoa, "zaintzaren alorrean punta-puntakoa eta erreferentziazko proiektua inauguratzen ari garelako".

Egitasmo hau elkarlanak ahalbidetu duela nabarmendu du. "Azken aldian asko hitz egiten da elkarlan publiko pribatu komunitarioaz, egungo gizarteak dituen erronkei erantzuteko formula edo bide gisa. Proiektu hau horixe izan da, elkarlan horrek egin du posible". Matia, Udala eta Foru Aldundiaz gain, "Usurbilen bestelako zaintza eredu bat eta horren jira-biran eraiki beharreko zaintza ekosistema sortu eta martxan jartzeko bizpahiru urteetan parte hartze prozesu zabalean parte hartu duten eragile komunitario" guztiak ekarri nahi izan ditu gogora. Lankidetza eredu hau aurrekari izan dadila adierazi du, "bide urratzaile, inspiratzaile bat izan dadila gainerakoentzat".

Usurbilgo zaintza ekosistemaren parte
Inauguratu duten egitasmoa Euskal Herri mailan "berritzailea eta aitzindaria" dela azpimarratu du Usurbilgo alkateak, "bai alderdi sozialetik, bai hirigintza alorretik. Izan ere, Matiak adineko pertsonei zuzendutako harrera eredu berri bat praktikan jarriko duelako halabeharrez, hona etorri behar izan duen pertsona etxean bezala senti dadin. Proiektu eta zerbitzu hau Usurbilen eraikitzen ari garen zaintza ekosistemaren parte izango da aurrerantzean".

Udalerrian alor honetan azken urteotan egin den lanketa goraipatu nahi izan du hain zuzen, Solaberrietak. "Bizpahiru urteetako gogoeta kolektibo eta komunitario zabala egin dugu Usurbilen, tokiko zaintza ekosistema berri bat eraikitzeko, eta esan behar dut, une honetan inplementaziorako estrategia eta bide-orri argia dugula eskuartean. Zaintza eredu berriak pertsona bakoitzaren lehentasunak, nahiak eta erabakiak aintzat hartuko ditu bere bizi proiektuan hausturarik ez eragiteko, eta horretarako, herriko zaintza ekosistemak eskaintzen dituen aukera guztiak baliatuz, pertsona bakoitzarentzat egokitutako ibilbide osoak eta pertsonalizatuak marraztea du xede. Alegia, pertsona bat zaintza plan bat".

Ezinbestekotzat jo du, "erakunde guztiok norabide berean arraun egitea"
Horretarako, gaurko inaugurazio ekitaldian bildu direnei azaldu dienez, "ekosistema osatzen duten eragileen arteko elkarlanak, koordinazioa eta sistematizazioa bermatuko duen antolaketa gorpuzten ari gara Usurbilen; izan zerbitzuen integraltasuna bermatzeko zerbitzuen koordinazioa, izan koordinazio soziosanitarioa eta izan zaintzan parte hartzeko komunitatearekin elkarlana bermatuko duen antolaketa. Antolaketa berri horretan guztian nabarmen handituko da gure gizarte zerbitzuen, gizarte langileen lidergotza".

Azalpenokin agerian utzi duen moduan, "ur handitan murgilduta gaude herrian". Halere, "arreta ereduaren eraldaketa erabatekoa" izateko ezinbestekotzat jo du  "erakunde guztiok norabide berean arraun egitea, estrategia integral baten baitan, trantsiziorako herri akordio bat lortzea, guztiok ere lengoaia berean hitz egitea, kohesionatuta aritzea, agendak sinkronizatzea eta udaloi ere babes juridikoa eskaintzea, lankidetza markoak eratzea eta udalak diruz eta baliabidez hornitzea, tokikoa izango bada zaintza eredu berriaren zutarri nagusia".