Egurtzegiren inaugurazioa

Orbeldiren aurreskuak eta Jon Maiaren bertsoek girotu dute inaugurazioa

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 11a, 13:44

Sustatzaileei eginiko aurreskuak eta ekitaldian zehar Jon Maia Soriak botatako bertsoek girotu dute astearte goiz honetan, Kalezarren inauguratu duten Egurtzegi, zaintzadun etxebizitzen auzune berria. 

Inaugurazio ekitaldi jendetsua egin dute gaur Kalezarren: Egurtzegi inauguratu dute, zaintzadun etxebizitzen auzune berria. Ekitaldian izan dira, Usurbilgo udalbatza osatzen duten hiru udal taldeetako (EHBildu, EAJ eta PSE) ordezkariak, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkatea buru zutela. Haiekin baita urte luzeetako ahaleginek gauzatu duten egitasmoan lankidetzan aritu diren gainerako eragileak ere; Gipuzkoako Foru Aldundia batetik. Diputazioko zainketak eta gizarte politiketako departamendu buru Maite Peña eta Ahaldun Nagusi berri Eider Mendoza bertaratu dira Kalezarrera kide gehiagorekin batera. Matia Fundazioko lehendakari Mari Karmen Garmendia ere bertan zen, ordezkari gehiagorekin batera, eta baita Egurtzegiko zuzendari Jaione Artieda.

Proiektu honen garapenean parte hartu duten teknikariak ere bertan izan dira eta bidelagun gehiago ere bai. Haiekin baita Usurbilgo herri ordezkaritza zabala; hiru jubilatu elkarteetako (Usurbilgo Gure Pakea, Santueneko Gure Elkartea eta Aginagako Arrate) kideak, baita herri hau eraikitzen ari diren zaintza ekosistema berriaren lanketan parte hartzen ari diren norbanako eta eragileak.

Guztiak Egurtzegi atarian bildu dira astearte goiz honetan. Orbeldiko dantzariek egin diete harrera. Haien aurreskuarekin ekin diote inaugurazio ekitaldiari. Amaitu berriz, Jon Maia Soriak botatako bertsoek borobildu dute hitzordua.