Egurtzegiren inaugurazioa

"Zaintza gaiez ari garenean, aurrerantzean askotan aterako den izena dugu Egurtzegi"

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 11a, 11:11

Esker oneko agertu da Matia Patronatuko lehendakari Mari Karmen Garmendia, gaur goizeko Egurtzegiren inaugurazio ekitaldian.

Egurtzegiren sustatzaile nagusia dugu Matia fundazioa. Bertako patronatuko lehendakari Mari Karmen Garmendia gaur egin duten inaugurazio ekitaldian izan da. Argi adierazi du, "zaintza gaiez ari garenean, aurrerantzean askotan aterako den izena dugu Egurtzegi".

Berarentzat Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzunea zer den azaldu du. "Egurtzegik esan nahi du, auzolana, ekosistema, pertsona ardatz eta helburu, elkarlana, errespetua, duintasuna, hori guztia darama bere baitan, eta gainera, gizartean txertatutakoa da".

133 urteko historia duen Matiarentzat, "Egurtzegi beste katebegi bat izango da eta beste batzuk etorriko dira". 

Esker ona
"Esker oneko egun handi" gisa definitu du gaurko hitzordua Garmendiak. "Eman nahi ditut eskerrak Matia Patronatuaren izenean Gipuzkoako Foru Aldundiari, Usurbilgo Udalari, Usurbilgo udalerriko konpromiso handia adierazten ari den pertsona talde askori". Gogoan hartu nahi izan ditu haietako batzuk; egungo eta aurreko alkate Agurtzane Solaberrieta eta Xabier Arregi batetik. Bestetik, jubilatu elkartekoen izenean egitasmo honen alde lanean jardun eta iaz zendutako Manu Aranburu eta Damaxo Lizaso. Haiekin batera,  "Gerardo Amunarriz gure zuzendari nagusia eta bere lan talde osoa, gure Sebastian Cardenas" herrikidea ere gogoan hartu dute txalo artean, Joxemi Irureta eta arkitektu gazte taldea eskertzearekin batera. 

Horregatik zioen, "honaino iritsi bagara pertsona askoren arteko lana, lan metatua, elkar hartuta egin dena, hementxe erein eta gauzatu delako izan da", ziurtatu du.