Egurtzegiren inaugurazioa

"Hemen ez da hitz egiten geletaz, bizilekuak daude"

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 11a, 11:34

Oinarrizko eskubideei erantzungo die gaur inauguratu duten Egurtzegik, haren zuzendari Jaione Artiedaren esanetan.

"Egurtzegi beti amestu dugun toki bat da, bizi eta bizitzeko toki bat da, istorioak partekatzen diren tokia, non hizkuntza eta begirada berdin bat arnasten den zaintza kontuetan. Pertsonei erantzuna ematen dien toki bat da, ahots guztiak eta parte hartze guztiak sartzen direlarik bertan. Toki atsegin bat da, zoriontsua izateko eta mundu eta bide honetan etxe bat gehiago", halaxe aurkeztu ditu Egurtzegi, bere zuzendari Jaione Artiedak.

Egitasmo honek orain arte egoitzei buruz ahotan hartzen genituen kontzeptuak aldatzea ekarriko du. "Hemen ez da hitz egiten geletaz, bizilekuak daude. Ez dago sarrerarik, ongi etorriak egiten dira".

Oinarriko eskubideei erantzuna
Artiedaren esanetan, "bizikidetza-etxeguneek erantzuna ematen diote euskal gizartearen ahotsari, guztiok ditugun eskubideetan oinarritutako eredu baten pean zaindu nahi ditugun pertsonei: duintasunerako eskubidea, baliotsua eta independentea izateko eskubidea, autonomiarako eskubidea, geure erabakiak hartzeko eskubidea, gure bizi-proiektuarekin jarraitzeko eskubidea eta zaintza pertsonalizatuak izateko eskubidea, non nirekin dauden profesionalek nor naizen jakingo duten, nire historia ezagutuko duten eta nire lehentasunen eta balioen arabera behar ditudan laguntzak emango dizkidaten."

Bertan soilik ez, norbere bizilekuan egoten segi nahi dutenei ere erantzungo die Egurtzegik haren zuzendariak gaurko inaugurazio ekitaldian azaldu duenez. Puntapax eguneko zentroa bertara lekuz aldatuko dute. 

Guztia Usurbilen eraikitzen ari diren zaintza ekosistema berriaren baitan txertatuko da. Egurtzegi, zainketen jarraipenean aurrerantz egiteko beste pieza gako bat izango da. Proiektua gauzatu dutenak eskertu ditu hunkituta Artiedak, bereziki, "Gipuzkoako Foru Aldundiari, Usurbilgo Udalari eta Usurbilgo zaintza ekosistema osatzen duzuen guztioi: norbanakoei, gizarte eta osasun zerbitzuetako ordezkariei, senide, zaintza profesional, zerbitzu kudeaketa, komunitate eta elkarteeko ordezkariei. Baita ere Matia Fundazioari, patronatu eta institutuari...".