Egurtzegiren inaugurazioa

Egurtzegi, garai bateko toki izenari gorazarre

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 11a, 11:01

Eta zergatik Egurtzegi? Gaurko inaugurazio ekitaldian eman dituzte, Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune berriarentzat hautatu duten izenari buruzko argibideak.

Egurtzegi izena jarri diote gaur inauguratu duten Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune berriari. Ez da inolaz ere zentzugabeko burutazioa izan. Toki izenari gorazarre egin nahi izan diote. Halaxe azaldu du, Matia Patronatuko lehendakari Mari Karmen Garmendiak inaugurazio ekitaldian zehar. "1579 inguruan leku honek Egurtzegi zuen izena".

Usurbilgo toponimia, toki izenak biltzen dituen toponimia.usurbil.eus atarira jo dugu. Zenbait erreferentzia aurkitu ditugu. Garai hartan Egurtzegi izeneko baserri bat bazela dio, gaur inauguraturiko auzune berriaren kokagune berean. Arrastoa abizenek ematen zuten orduan. Antza, dokumenturen batean "Chatalina de Egurcegui" izenekorik ba omen zen. "XVII.mendean abizenak baserriaren izena adierazten zuenez, baserria dugu hau", ondorioztatu zuten Usurbilgo Toponimia landu zutenek. Baina izen honi lotutako erreferentzia gehiago ere badira, Usurbilgo Udalaren atari honetan jasoa dagoenez; 1866. urtean Egurceguinea, 1869an Egurseguinea eta Egurcinia, hiru urte beranduago Egurcinea. 

"Katalina de Egurtzegi, emakume bat, hemen bizi zen, leku hauetan"
Etxea soilik ez, atariko aldapak ere baserriaren izendapena zuen. Usurbilgo Toponimiaren berri ematen duen atariaren arabera, 1869an "Egurcineco-aldapa" izena ageri da dokumentuetan. "Egurzegiz ari delarik etxeari gehitutako lurrak aipatzerakoan mugara hauek azaltzen zaizkigu: Ip.etxe berarekin eta Heg. 'Egur-cineco-aldapa'. Badirudi Txaparren berriko aldapaz ari dela".

Garai bateko toki izen hau berreskuratu nahi izan dute gaur inauguratu duten eta eremu berean kokaturiko zaintzadun etxebizitzen auzunearentzat. "Katalina de Egurtzegi, emakume bat, hemen bizi zen, leku hauetan", zioen Garmendiak astearte honetako ekitaldian. Azaldu duenez, "Matiak beti izan du" toki izenekiko "errespetu handi bat, tradizio bat da Matian. Horrexegatik, leku hau, hain maite dugun leku hau Egurtzegi da". Hamaseigarren mendeko Egurtzegi eta egungoa lotu ditu. "Horregatik, izan zirelako gara eta garelako izango dira".