Haraneko futbol zelaiko belar artifiziala ordezkatzen hasiko dira bihartik

Noaua Aldizkaria 2023ko uzt. 14a, 10:24

Eraberritze lanok abuztua amaieran bukatuko direla aurreikusi du Usurbilgo Udalak.

Belar artifizial berria izango du laster Harane futbol zelaiak. Egungoa ordezkatzeko lanak, larunbat honetan bertan, uztailaren 15ean hasiko dituztela berri eman du Usurbilgo Udalak. Abuztu amaierara arte luzatuko dira zereginok. "Bihar, uztailaren 15ean, hasiko dira Harane futbol zelaiko belar artifiziala ordezkatzeko lanak. OPSA Obras y Pavimentos Especiales SA enpresak eskuratu du lizitazioa eta, obraren aurrekontua 217.130 euroko ingurukoa da: lanak abuztuaren 28rako amaitzea aurreikusi dute".

Lehenbiziko egunotan larunbatetik datorren asteartera arte, "belar artifizial zaharra altxa eta biribilkiak antolatzen arituko dira makinak, belar berria jarri aurretik. Egoera onenean dauden belar zatiak herritarren eskura jarriko dira. Enpresaren esanetan, 50 biribilki inguru izango dira, 25x2 metrokoak; 150 kiloko pisua izango dute, gutxi gorabehera. Biribilkiak eskuratu nahi dituzten herritarrek udaletxean egin beharko dute eskaera. Gainerako guztia berrerabilpenera bideratuko da".

Udaletik gaineratu dutenez, "belar artifizialek, oro har, 10-12 urte irauten dute, fabrikatzaileen esanetan. Gaur egungo Harane duela 16 urte inguru egin zen, eta ordutik ez da belarra behin ere aldatu. Haraneren kasuan, hasierako urteetako erabilera ez zen egungoa bezain handia, eta horrek ahalbidetu du berritzea atzeratu ahal izatea. Azken urteetan, ordea, nabarmen egin du gora Usurbilgo Futbol Taldearen jardunak, eta, beraz, belarra aldatzeko premia ere areagotu da: izan ere, belarraren egoera kaskarrak lesioak eragin ditzake".