Baba beltz txikiari gorazarre, kide berriekin

Noaua Aldizkaria 2023ko abu. 31a, 17:05

Usurbilgo kofradiak kide berri bati harrera egin eta 2024rako hautagaia nor izango den iragarri du, Saizar sagardotegian egindako bilkuran

Haien ereserkiak dioen moduan, babak eltzetik atera dituzte gaurkoan. Lau hamarkadatik gorako tradizioari segida emanez abuztuko azken ostegun honekin bat, Usurbilgo baba beltz txikiari gorazarre egiten dion kofradia elkartu da Saizar sagardotegian. Jaki hau osagai nagusia zuen bazkariaren bueltan elkartu dira.

Bazkalostean, iaz iragarritako kofradekide berriari harrera egin diote, ereserkia abestu ostean, kapa beltzak eta txapelak egoki jantzita. Joxe Mari Korta batu da bilgune honetara. Lurra lantzeko tresnaren, laiaren laguntzaz zin egitea bideratu dute. 2024koa iragarri dute gero, bazkaltiarren artean zen; Koldo Lizaso. 

Ekitaldia borobiltzeko albiste honi atxikitako talde argazkia atera dute sagardotegi atarian.

BABA BELTX TXIKIA
Gora baba beltx txikia,
andazpetarron gloria, bai!
Txiki izanarren, nor da gaur hemen
zu bezain handia?

Gora ditzagun zure dohainak:
koloria, armonia eta "tirrit eta tarrat"
zuk sortzen duzun sinfonia.
A zer nolako jakia
babatxo beltx txikia! 

Platerkada bat, platerkada bi
bata bestearen atzetik,
atera hitzak, atera, Felix,
atera babak eltzetik!