N634 errepideko errei bat itxita asteburuan, Egurtzegi parean

Noaua Aldizkaria 2024ko urt. 24a, 10:13

Igandean Irisasi BTT Hotzak Akabatzen proba tarteko, ibilgailuen joan-etorrietarako izango diren aldaketez gain, asteburuan N634 errepideko errei bat itxiko dutela jakinarazi du Usurbilgo Udalak.

Trafikoari lotuta, kontuan hartzeko zenbait ohar asteburura begira. Usurbilgo Udalak jakinarazi berri duenez, N634 errepideko errei bat itxiko dute asteburu honetan; hau da, larunbatean eta igandean, urtarrilaren 27an eta 28an hurrenez hurren. Itxiera hau Kalezar parean izango da, bertako zaintzadun etxebizitzen auzune berriaren, Egurtzegiren parean. Errepide zati horretan, errei bat baino ezingo da erabili, bestea ez; hain zuzen, Egurtzegira edota Kalezarrera bertaratzeko eraikitzen ari diren "igogailu berriaren lanak direla eta". Gogoan izan, errepide bazter horretan autobus geltoki berria kokatuko dute eta handik gora igotzeko igogailua. 

N634 errepideko errei bat itxi beharko denez eta erabiltzeko moduan errei bakarra egongo denez, "behin-behineko semaforo bat jarriko dute trafikoa bideratzeko" datorren asteburuan, Usurbilgo Udaletik ohartarazi dutenez.

Bide itxierak, Irisasi BTT Hotzak Akabatzen proba dela eta
Urtarrilaren 28an egingo den Irisasi BTT Hotzak Akabatzen proba tarteko, bestalde, ohiko aldaketak izango dira ibilgailuen joan etorrian, goiz partean. Batetik, Oxtapeko sarrera itxita egongo da, igandean 8:00-14:00 artean. Ondorioz, Donostia-Zumaia arteko autobus zerbitzuak San Inazioko biribilgunean egingo du geldialdia. Gune horretatik sartu eta irten ahalko da herritik. Horrez gain, Kaxkotik abiatu eta bertan amaituko denez proba, bide mozketak izango dira herri erdigunean. Udaltzaingotik ahal dela ibilgailuen erabilera saihestea gomendatu dute inguruotan: Santuenetik Zubietarako bidean edota Kale Nagusian Oxtapetik hasi eta Eliza parera arte. Mikel Laboa plazatik abiatu eta Zubiaurrenea kaletik Bizkarrera, handik Santueneara eta gero Txokoalderako bidea hartuko dute parte hartzaileek, goizeko 9:00etatik aurrera.