Martxoaren 23a

Pelaioenearen irekiera eguna finkatu dute

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 16a, 10:21

Martxoaren 23an irekiko dute Emakumeen Etxea eta kalezartarren udal-ekipamendua bateratuko dituen eraikina.

Heldu da aurreikusia zuten unea, obrak amaitu eta inauguratzekoa. Kalezarko Pelaioenea irekitzera doaz. Usurbilgo Udaletik jakinarazi berri dutenez, martxoaren 23an irekiko dute kalezartarren udal ekipamendua eta Emakumeen Etxea bateratuko dituen gunea. "Eraikina barrutik osatzeko obrak amaitzear daude, azkenean, eta hori aitzakiatzat hartuta han bertan bildu dira kalezartarrak eta Emakumeen Etxeko sustatzaileak, udaleko ordezkariekin batera", helarazi duten ondoko argazkian ikus dezakezuen moduan. Herritarrak bertara joatera gonbidatu dituzte.  

Aipatu moduan, Pelaioenean kokatuko dira kalezartarren bilgunea izango den udal ekipamendua baita Usurbilgo Emakumeen Etxea ere. Gogoan izan, 2020-21 urte artean, bakoitzak bere parte hartze prozesua egin zuen Elhuyar bidelagun zutela, "Pelaioenearen funtzionamenduari buruzko alderdiak elkarrekin erabakitzeko. Pelaioeneko obrak amaitzear, berriz elkartu dira, orduan hitz egindakoak gogorarazi eta xehetasunak adostuta uzteko".

Bertan kokatuko du Udalak baita Berdintasun Sailaren egoitza, eta, beraz, "han eskainiko dira, baita ere, sail horrek antolatutako ikastaro, zerbitzu eta bestelako ekitaldiak ere. Ondo bidean, Aste Santuen ostean izango da hori", Udaletik iragarri dutenez. 

Isuna
Aurreikusi baino beranduago irekiko dute Pelaioenea, urtebeteko atzerapenarekin. "Pelaioenea barrutik eraikitzeko lizitazioa Indenort enpresak eskuratu zuen, eta 2022ko urrian hasi zen lanean. Udalak 585.000 euroan lizitatu zuen obra hori, eta lanak sei hilabetetan egingo zituela adierazi zuen enpresak: 2023ko udaberrirako amaituta behar zuen obra 2024ko martxoan entregatuko dute, azkenean. Udalak enpresari jakinarazia dio dena amaitutakoan isuna jarriko diola".