Horretarako, ordea, gune berri hau baliatzeko erreserba sistema bat abiaraziko dute; online nahiz telefonoz bideratu ahalko dira bai goiko ganbara zein beheko bilera gela erabiltzeko eskaerak. Garrantzitsutzat jo du, astean zehar goizero eta astean bitan arratsaldez ere zabalik izango dutela Pelaioenea. "Etxe hau ordu askoz egongo da irekita, hori nahi dugu", azpimarratu du Rikondok.
Eraikin berrituaren baitan egingo den lehen ekitaldietako bat iragarri du apirilaren 20rako. Izan ere, egun horretan, Pelaioeneako programazioa zehaztu eta auzokideen proposamenak biltzeko. "Etxe hau mugarri izango dela espero dugu auzoarentzat eta herriarentzat", gaineratu du auzo elkarteko kideak.
Gazteek biziberrituriko ibilbidea
Bilgune honek eginiko ibilbidea ez da atzotik hasitakoa. 2009an egin zituzten lehen urratsak auzo gisa elkartzeko. "Ekarpen handiak egin zituzten", oroitu du Rikondok. Hiru urteren buruan eten egin zuen jarduna, baina elkarteko beharra ez zen guztiz desegin. Izan ere, urte batzuk igarota, "auzoan galdeketa bat egin genuen eta jendeak esan zigun elkargune bat falta zela, auzo bizitza falta zela".
Diagnosi hartatik eskaera haiek bideratzen hasi ziren 2021eko udaberrian. Une hartan, "auzotar gazte batzuk guregana hurbildu ziren", auzo elkarteak berriz abiarazteko asmoz. "Gurekin egon behar duzue", adierazi zieten eta Rikondok oroitu duenez, "animatu ginen". Duela hiru urteko udaberri hartan, lau batzorde osatu zituzten: Pelaioenea, hirigintza, urteko ekintzak eta zuzendaritza taldeak.
Belmonte auzo elkartea gisa eratu osteko irailaren 11n, Usurbil hiribildu gisa sortu zenetik 650 urte bete ziren eta azarorako, urtemuga hari lotuta, auzoa goitik behera girotu eta garai baten moduan jantzitako herri antzerki gogoangarria prestatu zuten 80 auzokideek. Ekimen gehiago etorri ziren geroago; tartean, larunbat honetan irekitako Pelaioenea diseinatzeko parte hartze prozesua. "Parte hartu genuen etxe honen programazioan, diseinuan, funtzionamenduan. Elkarbizitzarako dekalogo bat egin dugu Emakumeen Etxearekin batera", berri eman dute Belmonte auzo elkartetik. Hala, zehaztu dutenez, "koordinazio gune bat sortu dugu bi proiektuetarako".
Belmonteren ibilbidea errepasatuta, bide honetara batzera animatu zituzten gazteak eskertu ditu Rikondok, baita Udala ere "zuen prestasunagatik". Bide honetara batu dituzte, halaber, laster batean zabalduko duten Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioko bizilagun berriak. "Bolondres lana egin nahi baduzue, hemen izango duzue lekua".