Belmonte kalea itxiko dute konponketa lanetarako

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 11a, 09:06

Pelaioenearen irekiera eguneko irudia. Eraikinaren ondotik igarotzen da Belmonte kalea.

Usurbilgo Udalak apirilaren 22an hastekoak dituen konponketa lanak tarteko, itxi egingo dute Kalezarko Belmonte kalea.

Kalezarko bizilagunek helarazitako eskaera bati bide ematera doa Usurbilgo Udala. Auzoa alderik alde zeharkatzen duen kale nagusia, Belmonte kaleko zorua konpontzera doala iragarri du. Mugarri garrantzitsua izango dira lanok, izan ere aurrerantzean aldatu egingo da bide horrekiko orain arteko erabilera.

Hasteko, Belmonte kaleko zorua konponduko du Udalak. Konpromiso hori gauzatzeko asmoa agertu zuen Udalak Pelaioeneko obrak amaitu ostean. Honenbestez, apirilaren 22an hasiko dituzte lanok eta une horretatik aurrera, lanok amaitu artean itxi egingo dute kale hau ibilgailuentzat. "Aurreikuspenen arabera, bi aste beharko dituzte lanak amaitzeko, eta, ondoren, beste hiru astez itxita egongo da, zorua ondo finkatuta gelditu dadin", ohartarazi du Udalak.

Lanok amaitu ostean gauzatuko dute Kalezarko auzokideek eremu honi lotutako bigarren eskaera; "bertatik soilik auzotarrek pasatu ahal izatea. Zorua konpondu ostean, beraz, hori izango da hurrengo lana: kontrol sistema ezartzea".

Belmonte kalera Kaxkotik igo nahiz alderantzizko bide gisa baliatzen da haur eskola pareko aldapa. Bide hau ere konpontzera doa Usurbilgo Udala. Iragarri duenez, "lizitazioa martxan dago. Ondo bidean, lanak maiatzaren amaieran hasteko moduan egon daitezke".