EAJ haurtzaindegia Partzuergoan sartzearen alde

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 12a, 10:50

Usurbilgo EAJ-PNVk haurtzaindegi zerbitzua Haurtzaindegien Partzuergoan sartzeko eta herriko hezkuntza zerbitzu guztiak Udarregi ikastolaren inguruan batzeko proposamena aurkeztu du. Ekimen honen helburua: “Usurbilgo haur guztientzat kalitatezko hezkuntza irisgarria eskaintzea”.

Haurtzaindegien Partzuergoak, Eusko Jaurlaritzak finantzatutako doako zerbitzuak, haurrentzako kalitatezko hezkuntza goiztiarra bermatzen duela gogoratu du alderdiak. Zentzu horretan, Usurbilgo EAJ-PNVk “funtsezkotzat” jotzen du Partzuergoan sartzea haurtzaindegi-zerbitzuaren doakotasunari eutsi eta epe luzerako finantzaketa ziurtatzeko.

Egun, Usurbilgo Udalak 200.000 euro bideratzen ditu 2023-2024 ikasturtean zerbitzuaren doakotasunari eusteko. Datorren urterako, “gurasoek 40 eta 60 euro arteko hileko kuotari aurre egin beharko diote zerbitzuaren finantzaketa bermatzeko”, jakinarazi du Eusko Alderdi Jeltzaleak.

Hezkuntza-zerbitzuak kokatuta dauden egungo eraikina zaharkituta dagoela gogorarazi du eta ez dituela eskatutako kalitate-estandarrak betetzen. Horregatik, Usurbilgo EAJ-PNVk hezkuntza zerbitzu guztiak esparru berean, Udarregi ikastolaren inguruan, batzearen alde egiten du, haurren hezkuntzarako instalazio egoki eta modernoak bermatzeko “ingurune seguru batean”.

Usurbilgo Jeltzaleek hezkuntza publikoko sarean integratzearen eta hezkuntza zerbitzuak Udarregi ikastolaren inguruan batzearen alde egin du, Usurbilgo “hezkuntzaren kalitatea eta irisgarritasuna” hobetzeko neurri gisa.