Pelaioenea

Belmonte auzo elkartea, eragile gakoa Kalezarren

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 20a, 17:31

Kalezartarren bilgunea izango da aurrerantzean, gaur auzokideek ofizialki ireki duten Pelaioenea. Belmonte elkartea izango da dinamizazio lanez arduratuko den erreferentziazko eragile nagusia. 

Pelaioenearen dinamizazio bideari, hitz gutxitan, auzo giroa indartzen segitzeko, hainbat deialdi iragarri dituzte hurrengo asteei begira. Ekainean ospatuko dituzten festen atarian, auzokideak biltzeko hitzordu bat finkatu dute, maiatzaren 4rako hain zuzen; auzo bazkaria deitu dute, finantziazioa biltzeko. Txartelak salgai jarriko dituzte laster, eta haiekin bildutako laguntzaren zati bat elkartera bideratuko dute, "ekimenak antolatzen jarraitzeko". Izan ere, udal dirulaguntzak ekainetik aurrera jasotzen ditu Belmontek. Urteko lehen seihilekoa finantzatzen laguntzeko baliatu nahi dute hitzordu hau.

"Hor egongo gara"
Bestalde, Pelaioenean bertan jada Usurbilgo Udalak kokatua duen Parekidetasun Saileko zerbitzuaren harira, astelehenetik ostiralera goizez, baina astearte eta ostegunetan arratsaldez ere zabalik izango da Pelaioenea. Tarteok, astearte eta ostegun arratsaldeak elkartzeko baliatu nahi dituzte. "Ez dugu ezer antolatua. Ate irekia izango da etorri nahi duenarentzat", zerbait egitea suertatzen bada ekimenak bideratzeko, auzokideen ekarpenak jasotzeko edota topagune gisara egoteko. "Plazari bizitza eman nahian, hor egongo gara", iragarri dute Pelaioeneko gaurko irekiera ekitaldian. Apirilaren 30ean hasiko dira elkartzen.

Bada, azkenik, momentuz finkatua duten beste hitzordu bat; auzo elkarteak urtero, urtea amaitu baino lehen egingo duen asanblada orokorra, "auzotar guztiei irekia dagoena". Hitzordu horretan, "lantzen da hurrengo urtera begira, zer nahi eta behar dituen auzoak, antolaketa honen arabera ematen zaio erantzuna".

 


Belmonteren konponketa
Ordurako, obretan izango dute Pelaioenea ingurua. Eraikinaren albotik igarotzen den Belmonte kalea itxi egingo dute astelehen honetan bertan, apirilaren 22an, konponketa lanetarako. Usurbilgo Udalak egunotan ohartarazi duenez, Kalezarko bizilagunek helarazitako eskaera bati bide ematera doa Usurbilgo Udala. Auzoa alderik alde zeharkatzen duen kale nagusia, Belmonte kaleko zorua konpontzera doala iragarri du. Mugarri garrantzitsua izango dira lanok, izan ere aurrerantzean aldatu egingo da bide horrekiko orain arteko erabilera.

Hasteko, Belmonte kaleko zorua konponduko du Udalak. Konpromiso hori gauzatzeko asmoa agertu zuen Udalak Pelaioeneko obrak amaitu ostean. Honenbestez, apirilaren 22an hasiko dituzte lanok eta une horretatik aurrera, lanok amaitu artean itxi egingo dute kale hau ibilgailuentzat. "Aurreikuspenen arabera, lau aste beharko dituzte lanak amaitzeko, eta, ondoren, beste hiru astez itxita egongo da, zorua ondo finkatuta gelditu dadin", ohartarazi du Udalak.

Lanok amaitu ostean gauzatuko dute Kalezarko auzokideek eremu honi lotutako bigarren eskaera; "bertatik soilik auzotarrek pasatu ahal izatea. Zorua konpondu ostean, beraz, hori izango da hurrengo lana: kontrol sistema ezartzea".

Belmonte kalera Kaxkotik igo nahiz alderantzizko bide gisa baliatzen da haur eskola pareko aldapa. Bide hau ere konpontzera doa Usurbilgo Udala. Iragarri duenez, "lizitazioa martxan dago. Ondo bidean, lanak maiatzaren amaieran hasteko moduan egon daitezke".


Informazio gehiagorako...
Belmontetik jakinarazi dutenez, auzo elkarteak kalezartarren nahi eta beharrak bideratzeko tresna izatea nahi dute. Horretarako, hartuemanetarako zenbait bide zabaldu dituzte dagoeneko:
-E-posta: belmonteauzoelkartea@gmail.com
-Postontzia Peña Pagola elkartea atarian.
-Whatsapp taldea dute, deialdien berri jaso nahiz herritarren eskaerak plazaratzeko. 
-Qr kodeak jarriko dituzte auzoan Pelaioeneari buruzko informazioa jaso nahiz auzoko WhatsApp taldera sartzeko.
-Pelaioenean berri zabalago: usurbil.eus/eu/pelaioenea
-Udal Parekidetasun Saila:
Belmonte Kalea, 8
emakumeonetxea@usurbil.eus
943 377 112