Pelaioenea

Pelaioenea, kalezartarren egoitza aurrerantzean

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 20a, 17:44

Kalezartarrek Pelaioenea inauguratu dute ofizialki larunbat eguerdi honetan.

Duela hilabete egin zen Pelaioenearen irekiera. Orduko hartan, bizilagun izango dituzten Emakumeen Etxeko kideekin nahiz udal ordezkariekin inauguratu zuten Kalezar erdigunean birgaitu duten eraikina. Gaurkoan, auzotarrek egin nahi izan diote harrera aurrerantzean bilgune izango duten egoitza berriari.

Izan ere, Usurbilgo Emakumeen Etxearekin batera, kalezartarren ekipamendua kokatuko da bertan. Bilgune hau dinamizatuko duena Belmonte auzo elkartea izango da. Larunbat eguerdi honetan, trikiti doinu artean egin duten ekitaldiarekin zabalduko den etapa berria azken lau urteotako lanketaren emaitza dela nabarmendu dute. 2020an ekin zioten Pelaioenearen diseinua eta edukiak definitzeko Usurbilgo Udalak antolatu eta Elhuyarrek dinamizaturiko parte hartze prozesuari. "Auzotar dezentek parte hartu genuen. Ideia eta dinamika ezberdinak izan ziren". 

Eraldaketan eraikitzen
Urtebete beranduago, elkartea lau batzordeetan berregituratzea erabaki zuten. Batetik, erabaki orokorrak hartzen dituen zuzendaritza batzordea dute. Bertan, besteak beste, ordezkaritza dute gainerako hiru lan batzordeeko kideek, zuzendaritzakoekin batera. 

Beste hiru taldeei dagokienean, haietako bat hirigintza gaiez arduratzen da. Izan ere, begi-bistakoa da, azken urteotan Kalezarrek izan duen eraldaketa; besteak beste, Ugartondoko auzune berriarekin, nahiz Txirikorda, Egurtzegi edota Pelaioenea proiektuekin ere. "Ikusten genuen kezka zegoela auzoan", egitasmo guztiok eragin zitzaketen aldaketak tarteko. Horren aurrean, "taldetxo bat osatu genuen". Bidean etorri eta urteotan gauzatzen joan diren egitasmoei buruzko informazioa biltzeaz gain, zituzten kezken zerrenda osatu zuten. Auzoko trafikoa, aparkaleku arazoak, Kaxkoko zoruaren egoera txarra, irisgarritasun arazoak... izan ziren detektatu zituzten arazoetako batzuk.  

Hauek abiapuntu gisa hartuta, "lanean hasi ginen, irtenbide posibleak aurkitzen, Udalarekin hartuemanetan". Lanketa horren guztiaren emaitza da, besteak beste, astelehenetik aurrera, konpontzen hastekoak diren Belmonte kalea. Horrez gain, "Udalarekin lantzen ari gara, trafikoa erregulatzeko sistema bat". Iragarri dutenez, "auzoari zabalduko zaio beste deialdi bat gai horren inguruan hitz egiteko, ideia edo iritzi desberdinak entzuteko".


Bizikidetzarako arautegia
Gai horren edo bestelakoen inguruan auzotarren esku dagoen tresna izan nahi du Belmontek. "Motor bat gara auzoaren eskaerak aurrera eramateko. Hartzen diren erabakiak beti auzoaren onuran pentsatuz" izango direla nabarmendu dute.

Pelaioenea bera izango da Belmonte barruko hirugarren lan-taldea. "Proiektu asko daude, zubi-lana izango da garrantzisua", azaldu dute gaurko ekitaldian. Zubi-lan bikoitza, eraikineko bizilagun izango dituzten Emakumeen Etxeko kideekin nahiz Usurbilgo Udalarekin. "Dekalogo bat egin genuen" Udalarekin eta Emakumeen Etxearekin lankidetzan eta hiru eragileon adostasunez, bizikidetza arau multzoa osatu zuten nagusiki; "etxea errespetatzeko, lekua garbi mantentzeko, arazoak sortzean berehala mahai-gainean jarri eta hitz egin eta konpontzen saiatzeko". Erreserben bidez funtzionatu eta elkarbiziko dira. 

Iñurri lanean
Azkeneko lan taldea urteko ekintzak bideratzeaz arduratuko da. 2021ean bertan ekin zioten jardunari Belmonte barruan. Usurbil herri gisa eratu zeneko 650. urteurrena bete zen urte hartan eta bazkari batekin ospatu zuten. Herri antzerki arrakastatsua ere plazaratu zuten udazken hartan. Urtebete beranduago, Gau Beltza ere antolatu zuten. Argi dute, tamainan lan egin nahi dute, erre gabe, "pauso txikiak" emanez.


Auzolana, oinarri
Belmonte auzo elkartea izan da azken urteotan eta hala izaten segiko du, aurrerantzean ere, Kalezarko herri bizitza dinamizatu eta auzotarren nahi zein beharrak bideratuko dituena, larunbat honetako Pelaioenean azaldu duten moduan. Azken urteotan egituraketaren ikuspuntutik bilguneak izan duen bilakaera azaldu dute.

Izan ere, lehendik Kalezarko giroa dinamizatzen zuen eragilerik bazuen auzoak; Jai Batzordea da horren erakusle argia. Bilgune horren bueltan, guraso talde bat festetako dinamizazio lanetan parte hartzen hasi zen. Gerora, auzo elkarte eratu gisa eratu ziren; auzokideen bizi-kalitatea hobetzeko, belaunaldi ezberdinen arteko harremanak sustatzeko, kultur ekimenak antolatu, auzoko identitate historikoa landu edota kanpotik datozen kalezartar berriei integrazioa errazteko. "Auzolana da oinarria", gogorarazi dute gaurko ekitaldian Belmonteko kideek. Hura gabe, "auzo elkarteak ez du funtzionatuko".

2021ean, Pelaioenean gaurtik zabalik izango duten auzo ekipamendua diseinatzeko parte hartze prozesuaren harira batzorde ezberdinetan egituratzeko urratsa eman zuten.