Martxoan inauguratu ostean, Pelaioenea biziberritzen hasiak dira egoitza honetan batuko diren bi proiektuetako eragile taldeek. Izan ere, Kalezarko bizilagunentzako udal ekipamendua eta Usurbilgo Emakumeen Etxea bateratuko ditu Pelaioeneak aurrerantzean.
Larunbat honetan, Emakumeen Etxeak dinamizatuko du auzo erdigunean kokaturiko eraikina; "Despotorre" umore ikuskizuna antolatu dute. Arratsaldeko 18:30etan hasiko den emanaldian Ane Lindanek eta Raquel Torresek parte hartuko dute. "Umorezko ikuskizuna, bi monologisten eskutik. Ia ordu eta erdian eskarmentu handia daukaten bi emakume lotsagabe hauek komediari ikuspegi feminista eta korrosiboa gehituko diote autozentsurarik gabe (adi!) aurrean aurkituko duten guztiari barre eta kritika eginez". Ia erabat erdaraz eskainiko den manaldirako gonbidapenak usurbilkultura.eus plataforman eskura ditzakezue.
Zinegoak
Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia da Zinegoak. Aurten 21. ediziora heldu den zikloa, ekainaren 24tik uztailaren 1era izango da. Baina Bizkaiko hiriburuko hitzordu hau, lehenago, Hego Euskal Herriko hainbat herrietara helduko da. Hainbat ikus-entzunezko lan proiektatuko dira; tartean, Usurbilen. Emakumeon Etxearen eta Udalaren eskutik, maiatzaren 16an, 18:30etan Sutegin eskainiko da film hauen proiekzioa:
1. Mating (zuz.: Shuyao Chen) 15 min
2. Dena asmatuta dago (zuz.: Jone Arriola) 14 min
3. Analog Z love (zuz.: Alicia Awgar) 3 min
4. Precoz (zuz.: Alejandro Aguirre) 15 min
5. Flores de otro patio (zuz.: Jorge Cadena) 15 min
6. La tentación du panda roux (zuz.: Haïga Jappain) 20 min
Oharra: zenbait film euskaraz eta gaztelaniaz azpititulatuta egongo dira.
Informazio gehiago: zinegoak.com