Sexualitatearen gaia hizpide, Ernaik gaurko antolaturiko saioetan

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 31a, 08:04

Sexualitatea eta osasun mentala hizpide izango dituen saioak antolatu ditu Usurbilgo Ernaik ostiral honetarako, maiatzaren 31rako Kalezarko Pelaioenean kokaturiko Usurbilgo Emakumeon Etxean.

"Pasa den urtean hasiera eman genion proiektuari bide berri bat ematera gatoz aurtengoan", iragarri zuen berriki Usurbilgo Ernaik NOAUA!ra helarazi eta albiste honetan beherago duzuen idatziaren bidez. Testu horretan azaldu zutenez, "Usurbilgo gazteek osasun mentalaren inguruan duten ikuspuntuaren analisia burutu genuen eta honekin batera intereseko ildo ezberdinak zerrendatu genituen, harremanen inguruko lanketa gauzatu genuelarik saio baten bitartez". Orain, iragarri dutenez, egitasmo horren bigarren faseari ekitera doaz. "Proiektuaren bigarren fase honetan, sexualitatea jorratuko dugu, honetarako beharrezkoa ikusi dugularik saio ez mistoen presentzia".

Saiook ostiral honetarako, maiatzaren 31rako iragarri ditu Usurbilgo Ernaik, Kalezarko Pelaioenean kokaturiko Usurbilgo Emakumeon Etxean. "Sexualitatea eta osasun mentala, nola eragiten digu honek?", hortxe saiootan hizpide izango dutena. Parte hartzeko gonbita egin du Usurbilgo Ernaik. "Anima zaitez prozesu honen bitartez emango ditugun urrats eraldatzaileetaz elikatzera!". Ohartarazi dutenez, etziko bigarren saioa Usurbilgo Sexu Aholkularitza Gunea kudeatzen duen Xelebreak-ek eskainiko du.

Aipatu moduan, "era ez mistoan lantzeko tailer berriak" izango dira honako hauek:

Maiatzak 31, ostirala
17:00 "Emakume, trans eta bollerentzat sortuko den espazioan, "sexualitate hegemonikoak gure osasun mentalean dituen eraginak aztertzetik, nola ahaldundu gaitezkeen landuko dugu". 
18:30 Gizonen saioa: "gizonak_, sexualitate eredu hauek gure posiziotik nola bizi ditugun eta hauek sortzen dizkiguten barne gatazketaz arituko gara".




Buru osasunaren inguruko hausnarketa
Osasun mentalaren auziari erantzuteko, psikologo zein psikiatrak eskaini ditzaketen tratamendu ezberdinak baldintza duinetan jasotzeko eskubidea izateaz gain, ondoez psikikoaren jatorria ulertu eta kontsultara iritsi aurretik erantzun bat ematearen beharraz ohartu behar dugu. Proiektu honen bidez, ondoeza eragiten diguten egungo egiturazko baldintzak aldatzeko ez dugu zuzeneko ahalmenik, baina bai ordea gazteon ondoezaren arrazoietara begiratzeko, seinalatzeko eta konponbideak jarri ditzaketenei erantzukizunak exijitzeko, gazteon ondoeza kolektibizatu eta politizatuz. Horregatik, ezinbestekotzat jotzen dugu egiturazkoak diren bizi/lan baldintzak aztertu eta hauek zehaztapenez seinalatzea.

Paradigma aldaketa honekin, aurten Ernai Usurbildik norabide berriaren oinarriak sozializatuko ditugu, kontzientzia pizteko asmoz. Gainera, indar ezberdinei lerrokatzea exijituko diegu eta egiturazko baldintza hauek gure herrian nola itzultzen diren identifikatu eta mahaigaineratuko ditugu.

Ondoezak politizatzeko prozesuari dagokionez, beharrezkotzat jo dugu ondoezak lantzeko espazio seguru eta intimoak sortzea. Pertsonala politikoa dela babestu nahi du proiektuak, eta horretarako auzi pertsonala behar bezala landu eta garatzeko ezinbesteko baliabideak eskaintzea lehenesten dugu.

Testuingurua eraldatu eta baliatzearen garrantzia eta eraginkortasuna nabarmendu du taldeak. Hausnarketa, lanketa eta zaintza pertsonala ez badira komunitatera eramaten eta bertatik landu eta sostengatzen, egiten den lanketa hori indibidualizazioaren beste manifestu batean bilakatu daiteke. Norbanakoa ezin da ulertu bere ingurua gabe, horregatik norberaren ezinegonak ezin daitezke testuingurutik kanpo ulertu. Testuinguruaren irakurketa honek, prebentziozko marko batean kokatzera eramaten gaitu.

Prebentzioaz hitz egiten dugunean gazteon heriotz arrazoien artean lehena den suizidioari erreparatu behar diogu. Aipatutako indibidualizazioak zuzenki ahultzen ditu harreman, sare edota komunitateak, honela komunitatearen integrazio falta eman ohi delarik. Honek gure ondoeza sostengatzeko helduleku garrantzitsuenetako batetik urruntzen gaitu. Honen adibide dira gure herrian bertan ikusten ari garen hainbat joera: kirol taldeen parte hartzea gimnasio erabilerarekin ordezkatzea, gazteen militantziaren eta orokorrean zaletasun partekatuen beherakada.

Gizonezkoen kasuan, suizidio tasa altuek genero sozializazioarekin duten harremana ere mahaigaineratu nahiko genuke. Genero sozializazioaren araberakoa da sufrimendua bizitzeko dugun modua. Gizonak beste batzuen menpe ez egoteko sozializatu dira, ezin dute hauskortasun hori sentitu, ezta espero zuten arrakasta izango ez dutela sentitu.

Osasun mentalaz geroz eta gehiago hitz egiten ari garen garai hauetan, gure ondoezaz hitz egiterako garaian hiztegi medikua txertatu dugu gure egunerokoan. Osasun mentalaren terminologiaren normalizazioak eta erabilerak, norberaren ondoezaren jatorrira begiratzea borondatea mugatzen du, ondoez oro patologizatuz.

Azkenik, gozamenaren eta sufrimenduaren dikotomia ere azpimarratu nahiko genuke. Gaur egun, aurreko belaunaldiek baino aisialdirako denbora gehiago dugu, baina gozamenerako zailtasunak geroz eta handiagoak dira. Haurrek ez dakite objekturik edota kanpo estimulurik gabe jolasten eta gazteon gozamen gaitasuna geroz eta estereotipatu eta itzaliagoa aurkitzen da. Orokorrean ez gaude gure izatearekin konektatuta, horrek barne beharrak eta desirak ez entzutera eta beraz ez artatzera garamatza. Ez dakigu ez sufrimenduarekin ezta gozamenarekin konektatuta bizitzen.

Pasa den urtean hasiera eman genion proiektuari bide berri bat ematera gatoz aurtengoan. Usurbilgo gazteek osasun mentalaren inguruan duten ikuspuntuaren analisia burutu genuen eta honekin batera intereseko ildo ezberdinak zerrendatu genituen, harremanen inguruko lanketa gauzatu genuelarik saio baten bitartez. Proiektuaren bigarren fase honetan, sexualitatea jorratuko dugu, honetarako beharrezkoa ikusi dugularik saio ez mistoen presentzia.