Kalezarko jaiak 2024

Dantza giro bizian ekin diete San Joanei

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 21a, 19:12

Orbeldi dantza taldeak ekin die Kalezarko festei, taldeko kide gaztetxoenek auzoko plazan eskainitako emanaldiarekin.

Duela bi aste agurtu zuten 2023-24 ikasturtea, urtean zehar eginiko lanketa plazaratuta, jendaurreko emanaldi txalotuarekin. Ikasturtea agurtu eta ofizialki udan sartu bezain laster ekin dio Orbeldik urte garai honetako dinamikari. Izan ere, urtero, auzoetako nahiz herriko festen erronda osatzen dute herriko dantzariek hilabeteotan.

Lehen geltokia beti, festen denboraldia estreinatzen duen Kalezar izaten dute. Aurtengoan, festak abiatu eta berehala, buruhandien ostean plaza girotzen lehenak izan dira Orbeldiko kideak, belaunaldi gazteena, ostiral arratsalde honetan. Bizi asko aritu dira dantzan pieza ezagun askoen erritmora duten onena ematen.

Hurrengo saioa, Usurbilgo jaietan; ekainaren 30ean, igande arratsaldez frontoian.