Soka ez da eten, ezta etengo pixka batean ere. Kalezarko gazte belaunaldia sasoiko dator, auzolanerako eta festarako gogoz. Halaxe plazaratu dira ostiral arratsalde honetan, San Joanak hasi berri dituen auzoko plazan.
Orbeldi dantza taldeko kide gaztetxoenek eskaini duten uda parteko lehen emanaldiaren ondotik, gogo biziz lehiatu dira, lagunartean noski. Zaku lasterketan, lokots edota sagar bilketan, sokatiran... neurtu dira bi taldeetan banatu diren gazteak. Lehia bizia aipatu moduan, bi errondetan banatu duten herri kiroletako saioan. Erakustaldi bikaina eskaini dute.
Proba erabakigarria sokatirakoa izan da. Txosnaren alde bietan jarrita, sokari gogotik tira diote bi taldeek. Auzo giroa txapeldun, azkenean. Dantza saioa eta herri kirolen erakustaldira joandako ikus-entzuleek hurbiletik ikusi eta gogotik animatu eta txalotu dituzte parte hartzaileak.
Hasi dira, beraz, Kalezarko San Joanak. Herri ordezkaritza izango duen lehenengo kontzertu gauaren ondotik, Umeen Eguna larunbatean:
Kalezarko jaiak
Ekainak 21, ostirala
16:30 Buruhandiak.
17:30 Herriko dantzariak.
Ondoren, auzotarren arteko herri kirolak.
20:30 Auzo afaria.
23:00 Kontzertuak:
- Txiskeruak.
- Zaparra.
- DJ Fantasia.
Ekainak 22, larunbata: Umeen Eguna
10:30 Umeen krossa (izen ematea 10:00etan itxiko da).
11:30 Umeen jolasak.
Ondoren, buruhandiak.
16:00 Musa (izen ematea 15:30ean itxiko da).
16:00 Tailerrak.
Ondoren, buruhandiak.
18:30 Txokolatada.
19:30 DJ Gorka Mendi.
00:00 Kontzertuak:
- Bide Batez.
- DJ Javi Hidalgo.
Ekainak 23, igandea: San Juan bezpera
15:00 San Juan eskearen irteera.
22:00 San Juan sua.
Ekainak 24, astelehena: San Juan eguna
11:00 Meza nagusia.
Ondoren, toka txapelketa.
16:30 Buruhandiak.
18:00 Trikitilariak: Ostolaza eta Pujana.
Ondoren, sardina eta sagardo dastaketa Saizar sagardotegiaren eskutik.
Antolatzailea: Kalezarko Jai Batzordea.